Albistea entzun

Grande-Marlaskak defendatu egin du Poliziak Melillan izandako jokabidea

Espainiako Barne ministroak Pedro Sanchez Espainiako presidentea babestu du, hark esan ostean Melillakoa «ondo konpondu» zutela segurtasun indarrek. 2.500 lagunek mugari «indarkeriaz eraso» ziotela esan du, eta ukatu Espainiako eta Marokoko poliziek muga igaro izana.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Kongresuan, gaur goizean.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Kongresuan, gaur goizean. Javier Lizon / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko ekainak 29

Asteburuan Melillan gertatutakoaren erantzukizuna bere gain inondik ere hartu gabe, Espainiako Gobernuak hildako 37 migratzaileei buruz adierazitakoa defendatu du gaur Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, Espainiako Kongresuan. Iñigo Barandiaran EAJko diputatuaren kritikei erantzunez, Grande-Marlaskak adierazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak «inondik ere» ez duela justifikatu «oinarrizko eskubideen ezelako urraketarik». Aitzitik, «hildako migratzaileenganako elkartasuna» agertu duela esan du.

Sanchezek iragan larunbatean esan zuen Melillakoa «ondo konpondu» zutela Marokoko eta Espainiako segurtasun indarrek, eta mafiei leporatu zien gertatutakoa. Egin du ñabardurarik ordutik. SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean esan du adierazpenok egin zituenean artean ez zituela ikusi gertatutakoaren irudiak. Hala ere, uko egin dio Poliziaren jarrera kritikatzeari, eta migratzaileen larruan ez ezik haienean jartzeko ere eskatu die herritarrei, zeinek «indarkeriazko» eraso bati aurre egin behar izan baitzioten, haren esanetan

EAJren gaitzespena ez da mugatu Melillan gertatutakora. Bidasoa ibaian hildako azken migratzailea dela eta, muga horretan halakoak eragozteko zer neurri hartu dituzten galdetu dio Barandiaranek Grande-Marlaskari, eta hark erantzun Guardia Zibilak ingurua zaintzen jarraitzen duela, airez nahiz itsasoz.

Horrez gain, Grande-Marlaskak esan du bere gobernua Frantziak ezarritako kontrolen kontra dagoela. Europako Batasunaren barneko eta kanpoko mugak bereizi ditu Grande-Marlaskak. Hala, Melillan gertatutakoa justifikatu du, eta Bidasokoa beste batzuen erantzukizuna dela esan. Europako Batasuneko barne mugetan Espainiako Gobernuak pertsonen joan-etorri askea babesten duela nabarmendu du, eta, alde horretatik, talde komunitarioan jarrera hori defendatu izan dutela.

Poliziak izandako jokabideaz galdetu dio, ondoren, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak. Galdera saihestu du Grande-Marlaskak, eta, ondorioz, berriz egin dio galdera bera Iñarrituk. Halaber, Marokoko Polizia Espainiaren menpeko lurretan zergatik aritu zen galdetu dio. Espainiako Gobernuak gertatutakoa mafiei egozten diela eta, horren gaineko informazio gehiago emateko ere eskatu dio; gardentasun ariketa bat egiteko, alegia. Iñarrituri erantzunez, Barne Ministroak ukatu egin du Marokoko Poliziak muga igaro zuela, baita Guardia Zibilak Marokoko lurretara igaro zirela ere. Segurtasun indarrek legea zorrotz betetzen dutela esan du. 2.500 migratzaile muga pasatzen saiatu zirela adierazi du, eta mafiekin lotu du hainbeste jende batera ahalegindu izana: «Uste duzu 2.500 pertsona kasualitatez elkartzen direla, edo aurrez akordio bat dagoelako?», argudiatu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

HELDU DA PORTURA

DISTANTZIAK ZAILDUTAKO BIZITZAK

Iñaki Petxarroman - Olatz Artola - Lara Madinabeitia - Nagore Arin

Batera edo bestera, denei eragin die euskal preso politikoen aurka 1980ko hamarkadaren amaieran Espainiako Gobernuak martxan jarritako sakabanaketa politikak. Iraganeko zauriez eta etorkizuneko esperantzaz mintzatu dira, urruntze politika amaitutzat eman berri den honetan.

Etxeraten eta Sareren agerraldia

Etxeratek eta Sarek presoei lege arrunta aplikatzea izango dute helburu aurrerantzean

Paulo Ostolaza

Bi eragileek agerraldia egin dute sakabanaketaren amaieraren harira: «Amaitu egin da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latz hau». Aldarrikapenekin jarraitzeko deia egin dute, 'Etxera' leloaren bidez.

Mendi martxan parte hartu zuten kideak, atzo, Villabona-Amasan egindako kalejiran. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Pozak blaitutako aldarria

Iosu Alberdi

Sare Herritarrak antolatuta, Etxera Eguna ospatu dute Villabona-Amasan. Aldarrikapenei sakabanaketaren amaierak eragindako «poza» batu zaie ekitaldian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.