Albistea entzun

Frantzia

Bataclaneko erasoaren auziko 20 akusatuak zigortu ditu Frantziak

Epaimahaiak bizi osoko espetxe zigorra ezarri dio auzipetu nagusiari. Ikerketak argitu gabe utzi ditu atentatuen inguruko hainbat zalantza.

Salah Abdeslamen defentsa abokatuak, gaur, epaia jakinarazi zuen Frantziako epaitegira sartzen.
Salah Abdeslamen defentsa abokatuak, gaur, epaia jakinarazi zuen Frantziako epaitegira sartzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko ekainak 29

Frantziako justiziak errudun jo ditu 2015eko azaroaren 13an Parisen izan ziren erasoengatik auzipetutako hogei akusatuak. Horien artean da Salah Abdeslam auzipetu nagusia. Fiskaltzak eskatu bezala, epaimahaiak bizi osorako zigorra ezarri zion atzo —aske gelditzeko aukerarik gabekoa—, Parisko atentatuen egileetako bat dela iritzita. Akusazioaren arabera, Abdeslam da erasoen ostean bizirik gelditu zen hamar erasotzaileetako bakarra.
Epaiak amaiera eman dio ia hamar hilabetez luzatu den eta 400 biktimaren lekukotzak jaso dituen epaiketari, baina ez du lortu erasoei buruzko hainbat zalantza argitzea. Besteak beste, erasotzaileak egun berean atentatu gehiago egiten ahalegindu ote ziren.

Frantziak bake garaian sekula jasan duen erasorik bortitzena izan zen 2015eko azaroaren 13koa. Ia une berean egin zioten eraso hiriburuko zenbait taberna eta jatetxetan, Bataclan aretoan eta Saint Denisko futbol zelaiaren inguruetan zeuden herritarrei. 130 lagun baino gehiago hil zituzten, eta 400dik gora zauritu. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen ekintza.

Abdeslamek sei urte egin ditu espetxean, eta bere lehen hautua isilik mantentzea izan zen arren, biktimei barkamena eskatu zien epaiketaren azken fasean. «Barkamena eskatzen dizuet. Badakit gorrotoak hor jarraitzen duela, baina neurritsu gorrotatzeko eskatzen dizuet», adierazi zuen auzi saio batean.

Abdeslamek epaileari azaldu zion bere misioa zela Parisko erdiguneko taberna batean immolatzea, baina tabernako bezeroak ikusi zituenean atzera egin zuela, «gizatasunagatik». Fiskaltzaren iritziz, berriz, Abdeslamek erasoa burutu gabe utzi zuen soinean zeraman lehergailu gerrikoak huts egin zuelako. Epaileek ministerio publikoaren bertsioa berretsi dute.

Gainerako akusatuak zigortu dituzte erasotzaileei atentatuak egiten laguntzeagatik, maila batean edo bestean. Horien artean ardura handiena Mohamed Abriniri egotzi diote, arlo logistikoaren buru izan zelakoan. 2016ko apirilean atxilotu zuten Belgikan. Epaimahaiak bizi osoko kartzela zigorra ezarri dio, eta gutxienez 22 urte derrigorrez eman beharko ditu espetxean.

Eraso gehiagoren hipotesia

Abrinik eta beste akusatu batzuek epaiketan mantendu duten isiltasunak erasoen gaineko zalantza ugari argitzeko itxaropena zapuztu zien biktimei eta akusazioei. Besteak beste, epaiketak ez du lortu argitzea EIk plan bat ote zuen Parisko erasoen egun berean atentatu gehiago egiteko. Poliziaren hipotesia da Amsterdamgo Schiphol eta Parisko Charles de Gaulle aireportuetan ere eraso egiteko prest zeudela.

Ikerketaren arabera, Bruselan errotuta zegoen erasotzaile taldeko hamar kidek azaroaren 12an Parisera bidaiatu zuten bitartean, beste kide batzuk joan-etorriko bidaia egin zuten Amsterdamera, azaroaren 13an. Bestalde, Poliziak  Bruselako zakarrontzi batetik berreskuratu zuen ordenagailu batean Azaroak 13 izeneko karpeta bat aurkitu zuen, barruan Schiphol taldea izeneko karpeta zuena. Abdeslamek Parisko erasoen egunean Charles de Gaulle aireportuan geldialdi bat egin zuela ere baieztatu du ikerketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Stephen Flynn SNPko burua Edinburghen, aukeratua izan berritan. / ©ROBERT PERRY, EFE

Humza Yousaf aukeratu dute SNPko buruzagi

Arantxa Elizegi Egilegor

Alderdiko militanteen botoen %52 lortu ditu Yousafek, eta %48 Kate Forbes Finantza ministroak. Bihar aurkeztuko du hautagaitza lehen ministroaren kargurako.

 ©OLEKSII PERK / EFE

Gerrak txikitutako hiri bat nola berreraiki

Igor Susaeta

Mikolaiv berreraikitzeko plan zuzentzailearen analisiaren lehen fasea plazaratu dute. Osatzen ari direnentzat, paradoxikoa den arren, gatazkak aukera bat eman die, eta «klima aldaketak» ekarriko duena kontuan hartu beharko lukete metodologia osatzerakoan.
Bozka zenbaketa hautesleku batean, La Habanan. ©Ernesto Mastrascusa / EFE

Parte hartzea ia %76koa izan da Kubako hauteskundeetan

Julen Otaegi Leonet

Agintariek ontzat jo dituzte datuak, eta nabarmendu dute parte hartzea iazko erreferendumean baino sei puntu handiagoa izan dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.