Abizenak

Abizena aldatzea errazagoa izango da bihartik Iparraldeko biztanleentzat

Amaren, aitaren edo bien abizena erabiltzea aukeratu ahalko da, herriko etxean adierazita. Bizitzan behin bakarrik aldatu ahalko da, ordea.

Herriko Etxean inprimaki bat betetzea aski izango da abizena aldatzeko. Irudian, Baionakoa. GUILLAUME FAUVEAU / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 30a
10:51
Entzun

Abizena aldatzeko prozedura asko erraztuko diete Ipar Euskal Herriko biztanleei bihartik aurrera. Orain, denbora luzea eta izapide asko egin behar dira aldaketa egiteko. Uztailaren 1etik aurrera, berriz, aski izango da herriko etxean eskatzea, eta ez da inongo justifikaziorik eskatuko.

Aitaren, amaren edo bien izena erabili ahalko da, eta nahi den ordenan. Martxoaren 2ko legeak ahalbidetuko du aldaketa.

Prozedura egiteko, aski izango da inprimaki bat betetzea norberaren bizilekuko herriko etxean. Ondoren, hilabete igaroko da, eta eskatzaileak berriz agertu beharko du, erabakia baieztatzeko. Ongi pentsatu beharreko erabakia da, bizitzan behin egin ahalko baita, bihar indarrean sartuko den legearen arabera. Dena den, jaiotzean ordena aldatu bazen, berriz egiteko aukera egongo da.

Edonola ere, aldaketa egin nahi duela adierazten duenari, ez diote justifikatzeko arrazoirik eskatuko.

Adin nagusiko orok egin ahalko dute aldaketa. Haurren kasuan, guraso batek bere abizena gehitu ahalko dio, baina beste gurasoari ohartarazi ostean. Adin txikikoak 13 urte baino gehiago baditu, hark ere bat etorri beharko du. Gurasoak bere izena aldatzen badu, automatikoki aldatuko da haren seme-alabena, 13 urte baino gutxiago badituzte. Zaharragoa bada, oniritzia eskatu beharko zaio gaztetxoari bere abizena aldatzeko, baina horrek ez dio eragingo gurasoaren erabakiari.

Legeak ez du aldatu, ordea, gurasoena ez den abizen bat hartzeko eskaeren prozedura. Halakoetan, Frantziako Justizia Ministerioari baimena eskatu beharko zaio, eta hark ez ematea erabaki dezake, iruditzen bazaio aldaketa ez dagoela justifikaturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.