FUTBOLA

Athleticek ofizial egin du Valverde izango dela entrenatzailea

Teknikariak hirugarren aroa beteko du talde zuri-gorrian. Inork ez du hark baino partida gehiagotan zuzendu Athletic: 306 partidatan. 

Ernesto Valverde, Bartzelonako entrenatzaile zenean. EFE
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 30a
11:45
Entzun

Jakina zen Ricardo Barkalak edo Jon Uriartek Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak irabaziz gero Ernesto Valverde izango zela entrenatzailea. Uriartek irabazi zituen, eta agindutakoa bete du: Valverde izango da entrenatzailea. Klubak gaur egin du ofizial haren fitxaketa, eta arratsaldean aurkeztuko du.

Valverdek hirugarren aroa du Athleticeko entrenatzaile gisa. 306 neurketa zuzendu ditu Athleticen, inork baino gehiago. Aurreneko aldiz 2003an egin zen lehen taldearen kargu, aurretik klubeko hainbat harrobiko taldetan jardun ostean. 2005ean utzi zuen Athletic, eta 2013an itzuli zen, 2017ra arte. Haren gidaritzapean irabazi zuten zuri-gorriek 2015eko Espainiako Superkopa, eta taldea Txapeldunen Ligan sartu zuen Napoli kanporatuta. Ligan, taldea bost aldiz sailkatu zen Europarako sei denboraldiko tartean.

Tartean entrenatu ditu Espanyol, Olympiakos (bi arotan), Vila-real, Valentzia eta Bartzelona. Azkenarekin Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituen. 2020ko urtarrilean kendu zuten kargutik, eta ordutik ez du entrenatu.

Valverdek Athleticen jokatu zuen gainera, sei denboraldiz, 1990etik 1996ra, eta 50 gol sartu zituen.

«Berriz entrenatzeko, eskaintza erakargarria izan behar zuen, eta Athleticena bada. Jokalari interesgarriak daude etorkizuneko egitasmo garrantzitsu bat egiteko. Erronka bat da. Klubean ezagutzen naute, eta badakite zenbat eskatzen dudan», esan zuen Valverdek Uriarteren eta Barkalaren entrenatzailea zela jakin zen egunean.

Ikusi gehiago:https://www.berria.eus/paperekoa/1945/018/002/2022-06-24/txandala-eta-trajea.htm

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.