MEMORIA HISTORIKOA

Egia, justizia eta erreparazio eskakizunetan «askoz gehiago» sakontzeko eskatu dute erakunde memorialistek

Espainiako Gobernuaren Memoria Demokratikoaren Lege proiektuak «kezkak» eta «zalantzak» sortzen dizkien aspektuak dituela adierazi dute erakundeek. Biktimak «diskriminatzen» dituela ohartarazi dute, eta aldarrikatu giza eskubideen urraketa guztiak «berdin» tratatu behar direla.

Ezkabako presoei omenaldia, 2017an. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 1a
15:03
Entzun

Egungo Memoria Demokratikoaren Lege proiektuaren hobekuntza «partzialetatik» haratago joan eta orain arte erreklamatutako egia, justizia eta erreparazio eskakizunetan «askoz gehiago» sakontzea: hori eskatu diete Euskal Herriko erakunde memorialistek Espainiako Gobernua osatzen duten taldeei, frankismoaren krimenengatik «oraindik» irekita dauden zauriak ixteko eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeek euskarri «irmoa» izateko helburuarekin.

Uztail erdialdean bozkatuko du Espainiako Kongresuak Memoria Demokratikoaren Lege proiektua. Zenbait zuzenketa egin dizkiote orain arte, eta, erakunde memorialisten arabera, hobekuntza «garrantzitsu batzuk» jasotzen ditu. Horien adibide dira, esaterako, biktimen errolda, DNA bankua, hobien mapak edota Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea. Hala ere, proiektuak oraindik baditu erakundeei «kezkak» eta «zalantzak» sortzen dizkien hainbat aspektu: «Kezkaz ikusten dugu aterako den proiektuak duela 45 urtetik daramagun frankismoaren krimenekiko zigorgabetasun erregimena osatzen duten funtsezko zutabeetan finkatzen jarraituko ote duen».

Ikusi gehiago:Ezkaba eta La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak

Adierazi dutenez, hutsuneak nabaritu dituzte egiari, justiziari eta erreparazioari dagozkien zenbait aspektutan, eta, horren kontra egiteko, Nazio Batuen Erakundeek, Giza Eskubideen Batzordeek, errelatoreek eta mugimendu memorialistek egiten dituzten eskakizun «guztiekin» bat egiteko exijitu diote gobernuari. Erakunde memorialisten arabera, egiaren aitortza «partziala eta interesatua» da egungo lege proiektuan; izan ere, biktimarioak «ikusezin» egiten eta «babesten» jarraitzen du, eta 1968ko Sekretu Ofizialen Lege «frankista» oraindik ere indarrean dago. Horiek horrela, erakundeentzat «oso zalantzazkoak» dira frankismo garaian jasandako eskubideen urraketak «ez berritzeko bermeak».

Justiziaren alorrean ikusten dituzte erakundeek hutsunerik «handienak», besteak beste, auzitegietako ateak «ixten» dizkietelako biktimek planteatutako eskakizunei. Horrekin batera, salatu dute 1977ko Amnistiaren Legea ez dela indargabetuko, ezta horren 2. artikuluko E eta F puntuak ere. Gogorarazi dute «aspaldidanik» ari direla eskakizun hori egiten, eta, legea indargabetu ezean, «gai horri buruzko nazioarteko zuzenbidea ez dela aitortua izango, ezta Nazio Batuetako Kontalari Bereziek horri buruz egindako erreklamazioak aintzat hartuko ere».

Amnistiaren Legea aldatzearen alde ere agertu da asteon EH Bildu, eta zuzenketetan xedapen gehigarri bat proposatu du, hiru hilabeteko epean legearen 2. artikuluko E eta F puntuak indargabetzeko asmoz, puntu «horiek biktimarioak blindatzen dituztelako».

Ikusi gehiago:1978tik haragoko errepresioa ere jasoko duen lege «kritikoago» bat eskatu du EH Bilduk

Erreparazioari dagokionez, azaldu dute kasu «askotan» integrala izatetik «urrun» gelditu eta «mediatiko-administratiboa» baino ez dela izaten, besteak beste, jasandako ondare espoliazioak itzultzeko eta eragindako kalteak «justuki» konpentsatzeko eta ordaintzeko aukerak «ixten» dizkietelako. Horiek horrela, legeak biktimak «diskriminatzen» dituela ohartarazi dute erakundeek, eta giza eskubideen urraketa guztiak «berdin» tratatu behar direla aldarrikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.