Hizkuntza eskubideak

Donostiara bidalitako udaltzain berri ia guztiak erdaldun elebakarrak dira, LABek salatu duenez

Sindikatuak udalari eskatu dio bere lan poltsa osatu dezala, udaltzainek bete beharreko hizkuntza eskakizunak aintzat hartuta. Egoera bera urtero errepikatzen dela ohartarazi du, baina urtetik urtera gehiago direla euskaraz ez dakiten udaltzainak.

Donostiako Udaltzaingoaren auto bat. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko uztailaren 1a
16:28
Entzun

Arkautiko akademiatik (Araba) Donostiara 60 udaltzain berri eraman berri dituztela eta, LABek salatu du %90ek ez dakitela euskaraz, ez dutela dagokien hizkuntza eskakizuna betetzen, eta, beraz, ez direla «herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko gai».

Arkautik egindako udaltzain berrien zerrenda Donostiako Udalak onartu izana ulergaitza da, sindikatuaren esanetan: «Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu udalak, segurtasunari lehentasuna eman behar zaiolako aitzakia erabiliz». Jokabide hori «prebarikaziotik» hurbil dagoela ohartarazi du LABek, eta udal gobernuari eskatu dio kontratazioa bertan behera uzteko. Horrez gain, udalari eskatu dio «premiazko deialdia» egiteko. Izan ere, horixe da irtenbidea, LABen ustez: udalak bere deialdia egitea, eta, hala, udan lan egingo duten «udaltzain euskaldunen lan poltsa» osatzea. Gainera, duela hiru urtera arte hala egiten zutela oroitarazi du. Lan poltsa propioa sortuz gero, hautagaiei formazioa emateko aukera ere badagoela nabarmendu du. Erantsi du egun hainbat udalek hala egiten dutela, eta, beraz, «borondate politikoa» besterik ez dela behar horretarako.

Ez da berria arazoa, LABek azaldu duenez. Arkautitik iritsitako udaltzainen artean beti egoten dira erdaldun elebakarrak, zehaztu duenez, baina, hala ere, urtetik urtera egoera okertzen ari dela ohartarazi du, «hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtuz». Herritarren hizkuntza eskubideak uda honetan «etengabe» bortxatuko dituztela salatu du, «euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita Donostia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.