Zaintza
Eusko Jaurlaritzak familia zaintzaileak laguntzeko bi zerbitzu aurkeztu ditu
Mendeko pertsonak zaintzen dituztenen eguneroko bizitza erraztea da helburua

Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, bi zerbitzu aurkeztu ditu: Zaintel eta Etxean Zaindu. Helburua da bai zaintzaileen eta bai mendekotasunen bat dutenen bizi kalitatea hobetzea.
Zaintel doako telefono bat da, eta Bizitzen fundazioak koordinatuko du. Familia zaintzaileak informatu, orientatu eta aholkatzeko prestatuta egonen da. Nerea Fernandez arduradunaren erranetan, ezaugarri askotarikoak izanen ditu zerbitzuak: «Informazio pertsonalizatua, zainketei buruzko aholkuak, zaintzaileen ongizatea eta autozainketa sustatzeko jarraibideak, laguntza emozionala eta laguntza psikologikoa».
Erabiltzaileek eskura izanen dute 900-100 356 telefonoa, zeina astelehenetik ostiralera egonen den martxan, 10:00etatik 16:00tara. Arreta euskaraz eta gaztelaniaz jasotzen ahalko da. Whatsapp zenbaki bat (619-419 628), helbide elektroniko bat (zaintel@euskad.eus) eta Facebook eta Twitterreko kontuak ere izanen ditu.
Etxean Zaindu, berriz, familia zaintzaileen lan zama arintzeko garatu dute, eta Laguntzabide programaren barnean egonen da. Egitasmo horrek barnean hartzen ditu familia zaintzaileak, mendekoak, diru sarrerak edo prestakuntza bermatzeko errenta jasotzen dutenak eta bazterketa arriskuan dauden profesionalak. Ascudean Familia Zaintzaileen eta Mendekotasunen bat duten Pertsonen Elkarteak kudeatuko du zerbitzua.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.