Albistea entzun

Enpresak

Mercedesen ekoizpena berriro geratu du grebak

ELAk, LABek eta ESK-k diote beren deialdiak %95eko erantzuna duela ekoizpenaren arloan. Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia Mercedeseko buruzagitzarekin bildu dira, Stuttgarten.

Jaurlaritzako eta Mercedeseko arduradunen arteko bilera, gaur, Stuttgarten.
Jaurlaritzako eta Mercedeseko arduradunen arteko bilera, gaur, Stuttgarten. Irekia Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain - Iker Aranburu -

2022ko uztailak 6 09:29

Langile batzordearen zatiketak ez du eragotzi Gasteizko Mercedesen deitutako grebak erantzun zabala izatea. Tailerretako langileen %95 ez direla lanera agertu ziurtatu dute deitzaileek —ELA, LAB eta ESK-k—, eta ekoizpena geratu dela. Grebalarien datu hori pixka bat apaldu dute beste sindikatuek, baina onartu dute ekoizpen arloko langile gehienek bat egin dutela protestarekin eta ekoizpena nahiko geratuta dagoela. Enpresak artean ez du baloraziorik egin.

Langile batzordeko presidenteak, Igor Gebarak (ELA), ziurtatu du grebarekin langileek erakutsi dutela zuzendaritzaren azken proposamena ez dela nahikoa. Mercedesek soldatak igotzea eskaini du, eta seigarren gau batean lan egiteko proposamenari eutsi dio, baina arau batzuk onartuta. «Argi eta garbi, ez da nahikoa: lau gauza mugitu ditu, eta ez dira garrantzizkoenak», adierazi du Gebarak.

Eta erantsi du bi puntu horien inguruan hitz egin ezean zaila izango dela akordioa egitea. «Zain nago enpresak benetako urratsa noiz egingo, langileek ere ikus dezaten akordio batera iritsi nahi duela benetan. Argi adierazi dugu ez dugula seigarren gaurik nahi eta soldatak KPIaren arabera egokitu behar direla; gai horiek jarri behar dira mahaiaren gainean».

Gaur ez ezik, bihar eta etzi ere ekoizpena geratzera deitu dute sindikatu abertzaleek. Eta datorren astean ere beste hiru greba egunera deituko dutela aurreratu dute langileekin batera egin duten batzar irekian. Izan ere, argi dute langileekin batera egin nahi dutela bidea. Atzoko bileran esandakoak azaldu dizkiete gaurko bileran, eta ostiralean egingo dute hurrengoa, biharko xehetasunen berri emateko; orduan erabakiko dute mobilizazioekin jarraitu edo ez, eta nola. Hiru sindikatuek %45eko ordezkaritza dute Gasteizko lantegian, baina gehiengoa ekoizpen ataletan.

CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek, berriz, «aurrerapausoak» ikusi dituzte zuzendaritzaren jarreran, eta ez dute babestuko gaurko lanuztea. %55eko ordezkaritza dute lau sindikatu horiek, eta gehiengoa bulegoetan. Hain zuzen ere, sindikatu horien babesa jaso ez arren grebak izan duen erantzun zabala azpimarratu du Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak: «Sindikatu horien afiliatuek argi adierazi dute ez dutela horrela negoziatu nahi; benetako negoziazio bat behar da, eta ez inposaketa bat. Gainera, bat datoz gure aldarriekin».

Azken egunotan, gatazka negoziazio bidez amaitzeko eskatu diete Jaurlaritzako ordezkariek eta Arabako Aldundikoek zuzendaritzari eta sindikatuei, eta nabarmendu dute garrantzi handia duela Mercedesek iragarritako inbertsioak.

Bilera Alemanian

Bihar bilduko dira berriro lan hitzarmena negoziatzeko eta enpresak iragarri duen 1.200 milioi euroko inbertsioaren baldintzei buruz hitz egiteko. Sindikatu abertzaleek ez dute ezer berririk espero, ordea. Izan ere, gaur Emilio Titos Gasteizko fabrikako zuzendaria Stuttgarten dago, Mercedes-Benzen egoitza nagusian (Alemania). Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere elkartu da autogilearen zuzendaritzarekin; Mathias Geisen furgoneten adarreko kontseilari ordezkaria izan da han. Goizeko bederatzietan elkartu dira.

Bilkuran, multinazionalak Gasteizko lantegian egin nahi duen 1.200 milioi euroko inbertsioaz eztabaidatu dute, auto elektrikoak ekoizteko bidea emango duena. Azken hori egiteko zentroa diseinatze eta garatze bidean dela adierazi du lehendakariak, bilera ostean egin duen agerraldian. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euroko aurrekontua du «inbertsio estrategiko» horretarako.

Mercedesek «egungo egoeraren eta aurre egin beharreko erronka nagusien» berri ere eman du bilkuran. Lehendakariak elkarrizketarako jarrera erakutsi dio Stuttgarteko zuzendaritzari, «herriarentzat positiboa den inbertsio hori sustatzeko».

Horiek horrela, gobernutik «bulkada» bat eman nahi izan diete industriari zein autogintzari, Urkulluren hitzetan, «euskal ekonomiarentzat oinarrizkoak direlako». Mercedes-Benzen aurkeztu duen ibilgailu elektrikoaren ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa ere mamitze bidean da –BasqueCCAM eta Basquevolt euskal egitasmoak hartzen ditu–.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jeff Bezosek Amazoneko buruzagitza utzi du; besteak beste, Blue Origin espazio bidaien enpresari denbora emateko. ©Blue Origin / EFE

Enperadore modernoa

Iker Aranburu

Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.

Jeff Bezosek Amazoneko buruzagitza utzi du; besteak beste, Blue Origin espazio bidaien enpresari denbora emateko. ©BLUE ORIGIN / EFE

Enperadore modernoa

Iker Aranburu

Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.
Jeff Bezosek Amazoneko buruzagitza utzi du; besteak beste, Blue Origin espazio bidaien enpresari denbora emateko. ©Blue Origin / EFE

Enperadore modernoa

Iker Aranburu

Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, atzo. ©IREKIA

Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortu behar dela uste du Jaurlaritzak, eta hala eskatu dio Espainiako Gobernuari Industriaren energia kontsumoak murrizteko, ezinbestekotzat jotzen du Madrilek bat egitea eskakizun horrekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...