Basquevoltek 2027rako hasi nahi du bateria belaunaldi berriak ekoizten

Proiektua babestuko duen partzuergoa eratu dute erakundeek, ikerketa zentroek eta enpresek. 700 milioi euro inbertituko dituzte Miñaon lantegia eraikitzeko. Europako liderra izatea du helburu

Proiektuaren partzuergoa osatuko duten erakunde, zentro eta enpresetako ordezkariak, atzo, Miñaon. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Miñao
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Abian da Basquevolt. Bateria elektrikoak ekoizteko lantegi handiak lehen urratsa egin du asmo huts izateari utzi eta errealitate bihurtzeko. Proiektua babestuko duen partzuergoa aurkeztu zuten atzo Miñaon, Arabako teknologia parkean. Eusko Jaurlaritzak CIC Energigunerekin batera sustatu duen egitasmoan parte hartuko dutela iragarri baitzuten Iberdrolak, CIE Automotivek, Enagasek eta EIT InnoEnergyk.

Asmo handiko proiektua da Basquevolt, 700 milioi euroko inbertsioa egingo baitute datozen lau urteetan energia biltegiratzeko teknologia propioa erabiliz egoera solidoko bateriak ekoizteko. Fabrika bat eraikiko du horretarako Miñaon; gisa horretako Europako lehena eta bakarra izango da, eta 2027rako martxan nahi dute, 10GWh ekoizteko helburuz. Zuzeneko 800 lanpostu ere sortu nahi dituzte.

Bi urte baino gehiago iraun duen lanaren emaitza da Basquevolt, Nuria Gisbert CIC Energiguneko zuzendariaren hitzetan. Ikerketa zentro hori izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia, orain arte inon erabiltzen ez zen teknologia bat garatu baitu. «Teknologia propioa daukagu, hemen egindakoa, Europara eta mundura zabaltzeko, eta horrek harro sentiarazten gaitu, historia egiten ari garelako», azpimarratu zuen.

Askotariko gailuek behar dituzten baterien hornitzaile izango da Basquevolt, garraioaren sektoretik hasi eta kontsumorako gailu elektroniko aurreratuenetara, baita energia leku finko batean biltegiratzeko beharra dutenena ere. Bateria horiek «seguruagoak eta merkeagoak» izango dira, eta, auto elektrikoei dagokienez, esaterako, autonomia handiagoa edukitzeko modua emango dute. Hain zuzen, Basquevolten bezero izateko konpromisoa azaldu du berriki Mercedes Benzek.

Edonola ere, mundura begirakoa da proiektua, eta 2030erako Europan %10eko merkatu kuota izatea du helburu. «Anbizio handiko helburua da, baina hori lortzeko bide egokian gaudela uste dugu», esan zuen Gisbertek. Datorren astean jakinaraziko dute proiektuaren kontseilari ordezkaria nor izango den.

Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa da proiektua, eta teknologia bertan garatu eta ekoiztea zer garrantzitsua den nabarmendu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Izan ere, energiaren menpekotasuna murrizteko ez ezik, deskarbonizazio prozesuari eta trantsizio energetikoari aurre egiteko «tresna garrantzitsu bat» izango da Basquevolt, haren irudikoz.

Proiektua hasi besterik ez dela egin zehaztu zuen Tapiak, baina helburua dela Europa osoan erreferente izatea. «Basquevolt autogintza sektoreari laguntzeko jaio da, bai, baina ez horretarako bakarrik; alor desberdinetako fabrikatzaileei irtenbide bat ematea nahi eta espero dugu».

Jaurlaritzak Next Generation funtsetarako aurkeztu duen egitasmo nagusietako bat da. Handik lortu nahi du finantzaketaren zati bat, 200 milioi inguru, nahiz eta aurreratu zuten jarduerari eutsiko diotela dirua jaso ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.