Zuzenekoa

Osasungintzako langileei eta AEA dutenei eskaini die txupinazoa Unzuek

Hiru urteren ondoren, zuria eta gorria itzuli dira Iruñeko kaleetara. Aurten ere ikurrina, Nafarroako bandera eta euskal presoen eskubideen aldeko bandera izan dira plazan, baita GKSko bat ere.

Udaletxeko plaza, goizeko 10:00ak inguruan. VILLAR LOPEZ, EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 6a
11:06
Entzun

Bi urtez ezin izan dira nahi bezala ospatu, baina azkenean hasi dira Euskal Herriko festarik entzutetsuenak. Hiru urte badira azken sanferminak amaitu zirela, eta gogoz sumatzen zen jendea aurtengorako. Euritan ere goraino bete dira Udaletxe plaza eta inguruak; txupinazoarekin batera lehertu da festa. "Iruindarrak!", esan du, ohi bezala, Juan Carlos Unzue futbolari ohiak, eta suziria piztu du. Osasungintzako langileei, pandemian zehar "lagundu gaituztenei" eta AEA alboko esklerosi amiotrofikoa daukatenei eskaini die txupinazoa.

Zapi gorriez gain, pankarta batzuk baziren plazan aurten ere, Poliziaren hesiak gaindituta. Ikurrinak eta Nafarroako ikurrak, euskal presoak etxeratzearen aldeko mezua eta "Sozialismoa eraiki" zioen GKSren pankarta bat ere ikusi ahal izan dira jendetzaren artean.

Goizean goizetik bete du jendetzak Iruñeko Alde Zaharra, eta Poliziaren kontrola ere nabaria izan da. Udalaren esanetan, 2.700 agente baino gehiago arituko dira festetan; droneak ere bazebiltzan zeruan gaur. Iruñetik kanpoko poliziak ere ekarri dituzte:

Txupinazoaren ondoren, Manuel Gainzak egindako biribilketa jo dute La Pamplonesak eta udal bandako gaiteroek. Azken urteetan ez bezala, plazan bertan jo dituzte festetako lehen abestiak, biribilketa eta Agur Jaunak. Udaltzainek ireki behar izan diete bidea, baina ez da aparteko eragozpenik izan.

Tradizioak agindutakoak beteta, festa etengabean murgilduko da Nafarroako hiriburua uztailaren 14ra bitartean; 204 orduz, jai giroa nagusituko da txoko guztietan. Kontzertuak, dantzaldiak, bazkari eta afariak... Denetarik izango da —horra gaurko eta biharko programatutako ekitaldi batzuk—.

Ikusi gehiago:Honela kontatu du BERRIAk txupinazoa

Ikusi gehiago:Ba al dakizu?

Ikusi gehiago:Iruñean salatu dute zezenketak «iraganean» gelditu direla eta «eboluzionatzeko garaia» dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.