Adierazpen askatasuna

Pablo Gonzalezen atxiloaldia eteteko eskaera atzera bota dute

Maiatzean, Gonzalez beste hiru hilabetez atxilo edukitzea erabaki zuen Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak. Denera, lau hilabete baino gehiago daramatza hala kazetariak.

Pablo Gonzalez kazetaria, atxilotua izan aurretik. BERRIA
Julen Aperribai.
2022ko uztailaren 6a
16:04
Entzun

Rzeszowko Dei Auzitegiak ez du onartu Pablo Gonzalez kazetariaren abokatuak haren atxiloaldiaren kontra ezarritako helegitea. Maiatzean, Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu zuten Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin zuen fiskaltzaren eskaera; horren ondorioz, Gonzalezek beste hiru hilabetez atxilotuta egon beharko duela ebatzi zuen auzitegiak.

Erabaki horri helegitea jarri zion Gonzalezen defentsak, baina haren Poloniako abokatu Bartosz Rogalak Efe berri agentziari jakinarazi dio ukatu egin dutela, eta, beraz, atxilotuta segituko duela.

Lau hilabete igaro dira Gonzalez atzeman zutenetik, Przemyslen, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Atxilotu zutenetik ez du modurik izan familiarekin eta abokatuarekin telefonoz hitz egiteko, eta Oihana Goiriena haren bikotekideak eta Gonzalo Boye abokatuak joan den astean Eusko Legebiltzarrean azaldu zutenez, Gonzalezen bi gutun bakarrik jaso dituzte.

Goirienak azaldu zuenez, hasieran Espainiako kontsulak familiari esan bazion ere burokrazia kontuengatik ezin zirela Gonzalezekin harremanetan jarri, gerora jakin zutela ez dela hori arrazoia. Izan ere, Poloniak dio Goiriena ere inplikatuta egon daitekeela Gonzalezi egozten dizkioten kontuetan, eta eskatu diote idatziz azaltzeko herrialde horretako agintariei zergatik nahi duen harekin hitz egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.