Albistea entzun

Erresuma Batua

Boris Johnsonek dimisioa eman du

Nabarmendu du politikan inor ez dela «ezinbestekoa», eta jakinarazi Erresuma Batuko lehen ministroa izaten jarraituko duela Alderdi Kontserbadoreak beste lider bat aukeratu bitartean. Haren esanetan, datorren astean emango dute ordezkoa aukeratzeko prozesuaren egutegiaren berri.

Boris Johnson, gaur, dimisioa eman dela jakinarazten
Boris Johnson, gaur, dimisioa eman dela jakinarazten EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala-Igor Susaeta -

2022ko uztailak 7 15:53

Boris Johnsonek amore eman die alderdikideen presioei, eta dimisioa eman du. «Argi geratu da Parlamentuko Alderdi Kontserbadorearen nahia dela beste lider bat edukitzea, eta, hortaz, beste lehen ministro bat edukitzea», nabarmendu du, hasteko, erabakiaren berri emateko Downing Streeteko 10. zenbakiarekin atarian galderarik gabe egindako hiruzpalau minutuko agerraldian. Eta 2019ko uztailetik Erresuma Batuko gobernuburua izandakoak iragarri du bere ordezkoa aukeratzeko prozesuak hasi behar duela eta horretarako egutegiaren berri datorren astean emango dutela. Adierazi du politikan inor ez dela «ezinbestekoa», eta jakinarazi, bide batez, karguan egongo dela lider berri bat aukeratu bitartean. Ez du aipamen bat bera ere egin, ordea, dimisioa eragin duten eskandaluei buruz.

Nolanahi ere, esan du «zentzugabekeria bat» dela gobernua aldatzea horretarako hauteskundeak egitea «baztertuta», noiz eta «munduko zein Erresuma Batuko egoera ekonomikoa hain zaila denean». Gainera, «mingarria» iruditzen beste inor, hau da, bera ordezkatzeko beste hautagairik ez ikustea «proiektuen bidez».

Gobernuan zein alderdian leial izan zaizkionen txaloen artean mintzatu da lehen ministroaren egoitzaren aurrean, eta adierazi du azken hiru urteotan izan duena «munduko ofiziorik onena» dela. «Gure sistema darwinzale eta distiratsuak beste lider bat ekoitziko du», iragarri du. Lider berri hori aukeratu bitartean ikusteko dago Johnsonek zein rol jokatuko duen behin-behineko lehen ministro bezala.

'Brexit'-a gauzatzeko

Johnson brexit-a gauzatzeko aukeratu zuten toryen lider, 2019ko udan, eta, sei hilabete geroago, Komunen Ganberarako bozak irabazi zituen, diputatuen gehiengo osoa lortuta. Harrezkeroztik, baina, polemikak ugaritu egin zaizkio: batez ere, pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik.

Gehiago ere izan dira, eta, azkenean, egunotan haren gobernuan izandako dimisioek kargua uztera behartu dute. 50 politikari inguruk utzi dute beren postua presio egiteko; tartean, Rishi Sunak Ekonomia ministroa eta Sajid Javid Osasunekoa. Sunakek, esaterako, «seriotasunik» eza leporatu zion Johnsoni.

Oraindik ere Erresuma Batuko lehen ministro denak 1922 Batzordeko —gobernuan kargurik ez duten diputatuek osatzen dute— buruzagi Graham Bradyrekin hitz egin du goizean, eta elkarrizketa horren ondoren erabaki du lehen ministroaren kargua uztea.

Johnsonek zentsura mozio bat irabazi zuen iragan ekainaren 6an, baina diputatu kontserbadoreen %41 haren kontra agertu izanak agerian utzi zuen ez zuela etorkizun handirik izango alderdiko buruzagi gisa.

Erreakzioak

Keir Starmer Alderdi Laboristako buruzagiak berehala erreakzionatu du, eta esan du dimisioa emateko erabakia «askoz ere lehenago» hartu behar izan zuela: «Eskala industrialeko gezurren, eskandaluen eta iruzurraren erantzule izan da. Eta haren konplize izandako guztiek erabat lotsatuta egon beharko lukete».

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ere pozez hartu du Johnsonen erabakia, eta esan du «lasaitasun sentsazio orokor bat» egongo dela, «egunotako kaosa amaituko» delako. Hori bai, Sturgeonek uste du ez dela «jasangarria» Erresuma Batuko gobernuburuaren karguan jarraitzea jardunean; ezta «ideala» ere.

Orain, ikusteko dago zer gertatuko den Alderdi Kontserbadorean. Hain justu, primarioetarako ez dago oraindik izen-abizenik, baina Sunak eta Javid dira faboritoetako batzuk, Liz Truss Atzerri ministroarekin eta Priti Patel Barne ministroarekin batera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Sabinasko meategiko erreskate lanak, abuztuaren 12ko irudi batean. ©MEXIKOKO BABESGO ZIBILA

Mexikon, hamar meatzari erreskatatzeko lanak eten behar izan dituzte

Mikel P. Ansa

Ekaitz bat dela medio, bertan behera utzi behar izan dituzte erreskate lanak. Coahuilako estatuko meategi batean istripu bat gertatu zen abuztuaren 3an, eta ura sartu zen barrura. Hamar meatzari daude harrapatuta, eta, ura ponpatu ostean, atzo hasi zuten erreskatea. Iaz beste zazpi hil ziren, antzeko moduan, estatu bereko beste meategi batean.

Hainbat emakume Kabulen, artxiboko argazkian. ©STRINGER / EFE

Talibanek airera tiro eginez sakabanatu dute emakume talde bat Kabulen

Berria

Urte bat beteko da astelehenean talibanak gobernura iritsi zirenetik Afganistanen, eta hainbat emakumek martxa bat egin dute hiriburuan.

Bi emakume Irango banderaren aurretik igarotzen, abuztu hasieran, Teheranen. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Itun nuklearraz EBk proposaturikoa onargarritzat jo du Teheranek

Arantxa Elizegi Egilegor

Egitasmoaren arabera, Iranek IAEAren «kezkak» argitu beharko lituzke, eta, trukean, itxi egingo lukete haren programa nuklearrari buruzko ikerketa. Azken eskaintza dela ohartarazi dute AEBek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.