Albistea entzun

Atxiloketak

Zazpi lagun atxilotu dituzte San Fermin eguneko prozesioko istiluengatik

Enrique Maia alkateak atxiloketa baten berri eman zuen atzo goizean, baina eman zuen abisua: «Ikerketa zabalik dago, eta litekeena da atxiloketa gehiago egotea». Atzo iluntzean atxilotu zituzten beste bi lagun, eta gaur gainerakoak.

Enrique Maia, atzo, Javier Goya Udaltzaingoko buruarekin batera egin zuen agerraldian.
Enrique Maia, atzo, Javier Goya Udaltzaingoko buruarekin batera egin zuen agerraldian. Idoia Zabaleta / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2022ko uztailak 11

San Fermin eguneko prozesioan izan ziren istiluak ondorioak izaten ari dira. Azken egunetan zeresana eman du Curia kalean bizi izandakoak, eta Iruñeko Udalak eta Udaltzaingoak neurriak hartu dituzte: gutxienez zazpi lagun atxilotu dituzte, eta beste bati deklarazioa hartu diote. Atxilotuetako bati polizia bati sudurra haustea egotzi diote. Gutxienez bi askatu dituzte gaur iluntzean.

Enrique Maia alkateak atzo goizean eman zuen albistearen berri, Javier Goia Udaltzaingoko buruarekin batera eman zuen prentsaurrekoan. Alkateak, ordea, atxiloketa bakarra aipatu zuen une hartan. Beste bi lagun atxilotu zituztela jakin zen atzo iluntzean. Gaur beste lau atxilotu dituzte eta beste bat gaur arratsaldean deklaratzera deitu dute.

Maiaren arabera, sudurra hautsi zioten poliziak «Udalbatzako zinegotziak defendatu zituen, bereziki Navarra Sumako eta PSNko zinegotziak, baita Curiako ordezkariak ere, talde antolatu batek bortizki egin baitzien eraso».

Lehen atxilotuari buruz, zehaztu zuen Iruñerrikoa dela, 40 urte dituela. Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da haren aurka, eta abisua eman zuen: «Litekeena da atxiloketa gehiago egotea, ikerketa zabalik baitago oraindik ere». Beste lau atxilotuetatik hiru Iruñekoak direla zehaztu dute gaur, eta beste bat Tarragonakoa (Herrialde Katalanak) dela. Agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea egotzi diete.

Ohiko protestak

San Fermin eguneko prozesioan ohikoak izaten ziren udal ordezkarien aurkako protestak, eta pandemiaren etenaren ondoren ere halaxe izan zen. Ohi bezala, Enrique Maia alkateak eta gainerako udal ordezkariek parte hartu zuten prozesioan, eta, ibilbidearen amaiera aldera, tentsioak gora egin zuen Curia kalean. Elizaren aurkako mezuak erakutsi zituzten hainbatek.

Udaltzainek inguratuta egin zuten bidea udal ordezkariek, eta une batean bultzakadak ere izan ziren. Protestan ari zen jendearen aurka jo zuten poliziek. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, polizia bat behintzat zauritu zuten; odola zeriola geratu zen sudurrean hartutako kolpe batekin.

Udaleko bozeramaile batzordeak adierazpen bat ere atera zuen, esanez prozesioan parte hartu zuten agintariei «ezker abertzaleak kutsu faxista duen eraso bat» egin ziela eta «Udaltzaingoaren jardunari eta Espainiako beste herrietatik etorritako agenteei esker soilik» eragotzi ahal izan zutela «Navarra Sumako eta PSNko zinegotzien aurkako lintxamendu bat». Bi alderdi horietako ordezkariek onartu zuten adierazpena. Geroa Bai aurka agertu zen, eta abstenitu egin zen EH Bildu; ohar batean jakinarazi zuen «deitoratu» egiten zituela Curiako istiluak: «Erasoak ezin dira inola ere justifikatu». Joseba Asiron alkate ohiak ere «elkartasun osoa» adierazi zion zauritutako udaltzainari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Larrion 2019. urtean, Gasteizen, hango udalerako alkategaia zenean. ©Endika Portillo / Foku

Miren Larrion: «Ez naiz ezkutatuko, eta ez naiz geratuko burua altxatu gabe»

Paulo Ostolaza

Dimisioa aurkeztu zuenetik lehen aldiz hitz egin du Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohiak, Euskadi Irratian. Oso egoera gogorra bizi izan zuela azpimarratu du, eta horrek eraman zuela kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzera.

Unai Rementeriagaur, Gernikako juntetxean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Bilboko metroko lehen eta bigarren linea lotuko dituzte, itsasadarraren azpiko tunel batekin

Berria

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du, politika orokorrari buruzko bilkuran, Gernikan.

Markel Olano, legealdi honetako politika orokorreko azken bilkuraren hasieran. ©Andoni Canalleda / FOKU

230 milioi euro inbertituko dituzte Gipuzkoako bide azpiegiturak berritzeko

Iñaut Matauko Rada

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hasiera eman dio legealdi honen politika orokorreko azken bilkurari. Adierazi duenez, pandemiaren eta Ukrainako inbasioaren ondorioek mugatzen dituzte gaur egungo politikak hein handi batean.

Zarauzko lore eskaintza. ©G. RUBIO / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...