Hilberria

Iñaki Añua hil da, Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari izandakoa

Jaialdiaren zuzendari izan da 40 urtez, eta haren eskutik etorri dira izar asko Gasteizera. 79 urte zituen, eta COVID-19ak jota hil da bart. Atzo hasi zen aurtengo jazzaldia, hain justu.

Iñaki Añua, Wynton Marsalis tronpeta joleak Gasteizen duen estatuaren ondoan. JUANAN RUIZ/FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 13a
11:20
Entzun

Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari eta sustatzaile nagusia izan zen Iñaki Añua, 40 urtez. Jazzaren zale amorratua zen, eta horri esker iritsi zen jaialdiaren arduradun izatera. Haren eskutik etorri dira nazioarteko musikari asko Gasteizera, eta haren ekimenez lortu zuen jaialdiak Europako onenen artean kokatzea. 79 urte zituen, eta COVID-19ak jota hil da bart, Arabako Aleak aditzera eman duenez. Atzo hasi zen, hain justu, Gasteizko Jazzaldiaren 45. aldia.

1970eko hamarkadaren amaieran hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza Añuak. Vital fundazioa eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila ziren orduko antolatzaileak, eta haiek eskatu zioten jaialdiaren ardura hartzeko. Hala azaldu zion BERRIAri, 2018ko abuztuan, erretiroa hartu berritan eskainitako elkarrizketan. Izan ere, jazzaren zale zen ordurako Añua; ez zitzaizkion gustatu aurreneko bi edizioetako egitarauak, eta kargu hartu zien antolatzaileei: «Esan nien jaialdiak zuen aurrekontuarekin gai nintzela talde hobeagoak ekartzeko». Esan eta egin. Kontzertu bat antolatu zuen Printzipal antzokian, eta leporaino bete zen. Hura izan zen lehen urratsa.

Musikari handiak ekarri ditu Gasteizera gerora: Ella Fitzgerald, Eric Clapton, Wynton Marsalis, Paco de Lucia, Jaco Pastorius, Bebo eta Chucho Valdes, Jamie Cullum, Noa, Cecile McLorin... Hark, ordea, Miles Davis tronpeta jolea zuen guztietan kutunena. «Nire musikaririk gustukoena izan da betidanik». Aretha Frankllin ere bai, baina ez zuen hura Gasteizera ekartzea lortu. «Hitzartuta genuen urte batean etorriko zela; kontratu bat ere sinatu genuen, baina ezeztatu egin zuen. Hegan egiteko beldurra zuen, eta ez nuen Europara ekartzerik lortu».

2018an utzi zuen jaialdia Añuak, jazzaldiaren 42. aldia amaitutakoan. Txalo artean agurtu zuten ikusleek azken kontzertuan. Carla Bruni, Kool & The Gang, The Mingus Band eta Hudson izan ziren orduan Gasteizen. «Ikusle izan nahiko nukeen jaialdia egiten ahalegindu naiz beti», adierazi zuen orduan.

Gasteizko Urrezko Domina jaso zuen 2006an, hiria nazioartean kokatzeagatik egindako lanagatik. Hain zuzen ere, askok eskertu dute haren lana eta ekarpena. «Gasteiztar handi bat izan zen Añua, bere bizitza hiria munduaren eta jazzaren mapan jartzen eman zuena», adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere Gasteizi eta Arabari egindako ekarpena azpimarratu du: «Nazioarteko proiekzioa duen jazz jaialdi bat bultzatzeko gai izan zen, eta bere ekarpenak kulturaren beste esparru batzuk hartu zituen».

Atzo hasi zen Gasteizko jazzaldiaren 45. aldia. Urteetan haren arduradun nagusia hil zen egun berean, hain justu. Gauzak zer diren. Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea, Arturo Sandoval tronpetista, Robert Glasper pianista eta Kase.O rap abeslaria ariko dira aurten, beste musikari askoren artean. Mendizorrotzeko agertokia berreskuratuko du jaialdiak aurten, eta inoiz baino gehiago jazza kalera aterako dute. Larunbatean amaituko da jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.