Meteorologia

Alerta laranja aktibatu dute Araban eta Nafarroan, beroa dela eta; Bizkaian eta Gipuzkoan, horia

Ostiralera arte luzatuko dituzte alertak, 39 gradurainoko tenperaturak espero direlako. Nafarroa hegoaldean alerta gorria aktibatu zuten atzo, eta sua dibertimendurako erabiltzea debekatu dute.

Mutil bat txakur bati edaten ematen, Bilbon, ekaineko bero oldean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2022ko uztailaren 13a
11:27
Entzun

Aurtengo bigarren bero bolada iritsi da Euskal Herrira. Astelehenetik ari dira tenperaturak beroak izaten, eta Nafarroako Erriberan atzo aktibatu zuten alerta gorria. Araban gaur aktibatu dute alerta laranja; 39 gradurainoko tenperaturak izango dira han, ostiralera bitartean. Gauza bera egin dute Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ere. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, alerta horia aktibatu dute: barnealdean tenperaturarik beroenak 36 gradukoak izango direla aurreikusi dute, eta kostaldean, 30 gradukoak.

Ikusi gehiago:Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beroaren ondorioak prebenitzeko plana egin du

Bero oldeak eragin ditu lehen ondorioak Araban. Herenegun, tamaina handiko bi sute piztu ziren, bata Gasteizko Mendoza kontzejuaren inguruko lursail batean, eta bestea Garaion, baina atzotik kontrolpean daude biak. Gutxienez, 140 hektarea kiskali dira.

Mendozako sutea uzta biltzeko makina batek eragin zuen, suhiltzaileek esan zutenez. Berehala zabaldu zen Iruña Oka aldera, haizeak bultzatuta, eta horrek sorturiko kea Gasteiztik ikusi zen oso nabarmen.

Nafarroan, barbakoarik ez

Nafarroan, berriz, datozen egunetan tenperaturak 38 gradutik gora igoko direla iragarri dute meteorologoek, eta prebentzio neurriak areagotuko dituztela adierazi zuten atzo erakundeek. Alerta gorria aktibatu zuten atzo, eta, besteak beste, basoko suteen batzorde teknikoak debekatu egin du sua dibertimendurako erabiltzea.

Osasun Sailak zenbait gomendio ere eman zituen kirol eta aisialdi ekitaldietarako: berorik handieneko orduetan ekitaldiak bertan behera uztea edota ordua aldatzea; jendea arriskuaz jakinaren gainean jartzea; kalean ura eskaintzea, doan, eta osasun baliabideak areagotzea, besteak beste. Horrez gain, 4 urtetik behekoek, 65 urtetik gorakoek eta haurdunek arreta berezia izan behar dutela nabarmendu dute.

Aurtengo uda azken urteetako beroenetako izaten ari da; ekainean, beroak eragindako 19 patologia kasu antzeman zituzten Nafarroan. Sei emakume eta hamahiru gizonezko ospitalera eraman behar izan zituzten, gehienak 70 urtetik gorakoak. Hala ere, bero kolpeak edozein adinetakoei eragin diezaieke, eta osasun publikoak eskatu du egun hauetan arreta zorrozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.