Euskara

Hizkuntza gutxituei buruz «mintzatzeko prest» agertu du Pap Ndiaye

Frantziako Hezkuntza ministroak adierazi du ez duela «printzipiozko zailtasun edo arazorik eskualdeko hizkuntzei begira», eta elebitasunari «atxikia» zaiola. Irailaren 14an bilkura eginen dute EEPko kideek ministroaren kabineteko zuzendariordearekin eta aholkulari berezi batekin.

Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroa. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 13a
12:47
Entzun

«Mintzatzeko prest». Hitz horiekin erantzun du Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroak hizkuntza gutxituei buruz galdera egin diotenean. Frantziako Senatuko kultura batzordean entzun dute asteazken arratsalde honetan, eta gaiari heltzeko borondatea erakutsi du. «Euskal Herritik interpelazio indartsu bati erantzun diogu. Baionatik egina izan zaigu, brebetaren azterketei begira», adierazi du, eta esplikatu berehalakoan ez erantzuteko erabakia hartu zutela. «Denbora hartuko dugu mintzatzeko [...] Galdera serioa da, ministerio honetatik harago aztertu behar dena».

Ndiayek erran du «adi» segitzen duela gaia, eta «baikorki» ikusten dituela hizkuntza gutxituak. «Ez dut printzipiozko zailtasun edo arazorik eskualdeko hizkuntzei begira». Halaber, elebitasunaren gaiari «atxikia» dela erran du. «Bistan dena, bide egokia atzeman behar dugu, oreka egokia. Horregatik, gai horri buruz mintzatzea proposatzen dizuet, izan Euskal Herrian edo beste eskualde batzuetan. Mintzatzeko prest nago». Baina oharra ere egin du Frantziako Hezkuntza ministroak: «Dakizuenez, ez naiz gai horiei buruzko solaskide bakarra».

Azken asteetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzunik gabe gelditu da Seaska. Haatik, Parisen bilkura antolatzea lortu du EEP Euskararen Erakunde Publikoak, Antton Kurutxarri lehendakariak jakinarazi duenez. Irailaren 14an izanen da, Parisen, Hezkuntza Ministerioaren egoitzan. Kurutxarrik BERRIAri jakinarazi dionez, ministroaren kabinetearekin izanen dute bilkura: Thierry Le Goff zuzendariordearekin eta Julie Beneti aholkulari bereziarekin. Euskal Herritik, EEPko arduradunak eta parlamentariak joanen dira; oraindik ez dute zehaztu ordezkaritza.

Euskal Hirigune Elkargoak eta Seaskak ekitaldi ofiziala antolatu zuten atzo, euskaraz zuzendutako brebetako zientzietako azterketaren emaitzak jakinarazteko. Egun berean jaso zuten EEPn Parisen gonbidapena, eta hori izanen da iraileko bilkuran aipatuko duten gai nagusia ere: azterketak euskaraz egiteko eskubidea.

Paristik erantzun baikorrak eskuratuta itzuliko direla espero du Kurutxarrik. Izan ere, EEP, Seaska eta Frantziako Hezkuntza ministerioa lotzen dituen hitzarmena berritzeko negoziazio betean ari dira momentu hauetan. Azterketen gaian aitzinamendurik lortu ezean, zaila izanen da hitzarmen hori izenpetzeko ados jartzea.

Ziurgabetasun juridikoa

Pentsatzekoa da Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legearen kontra hartutako ebazpenak sortutako ziurgabetasun juridikoa ere aipagai izanen dutela iraileko bilkuran. Murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi zuen 2021eko ekainean, ikastolak eta hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dituzten gainerako itunpeko eskola pribatuak legez kanpokotzat jota.

Hala ere, ordutik, erabakia ez dute aplikatu, eta, joan den abenduan, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzen duen zirkular bat argitaratu zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak; baina horrek ez du konpontzen Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak sortutako hauskortasun juridikoa. EEPk, beste zenbait erakundek bezala, behin baino gehiagotan erran du egoera konpontzeko modu bakarra Frantziako Konstituzioa aldatzea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.