Albistea entzun

Konstituzio Kontseiluak berretsi du ikastolei ere badagokiela debekua

Asteazkenean argitaratutako komentarioa moldatu du, eta murgiltzearen debekua «irakaskuntzaren zerbitzu publikoari» dagokiola idatzi du ebazpena azaltzeko dokumentuan
Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio jendetsua egin zuten maiatzaren 29an, Baionan.
Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio jendetsua egin zuten maiatzaren 29an, Baionan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko ekainak 20 - Baiona

Nahasmena erabatekoa da. Aste honetan Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako komentarioak besterik ulertzera eman bazezakeen ere, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egiteko debekuak ikastolak ere kontuan hartzen ditu. Hala zehaztu dio l'Express astekariari Frantziako Konstituzio Kontseiluak berak. Aste hasierako idazkian eragileek «gibel egite bat» ikusi bazuten ere, joan den maiatzaren 21ean argitaratu zuen ebazpenaren ildo berean segitzen dute, beraz: ikastolak eta hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dituzten gainerako itunpeko eskola pribatuak Frantziako Konstituzioaren kontrakoak dira.

Hiru hitzek erabaki bat aldatu dezakete. Asteazkenean publikatu zuen hizkuntza gutxituen legearen kontra maiatzean hartutako erabakia justifikatzeko komentarioa Frantziako Konstituzio Kontseiluak. 15. orrialdean zehaztu zuen «irakaskuntza publikoan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea. «Konstituzio Kontseiluak egiaztatu du irakaskuntza publikoaren barruan halako irakaskuntza kontraesanean dagoela konstituzioaren 2. artikuluaren eskakizunekin». Baina, geroztik, komentarioa moldatu du. Konstituzio Kontseiluaren webgunean komentarioa deskargatzen duenak bestelako formulazio bat aurkituko du orain txostenaren 15. orrialdean. Hain zuzen ere, «irakaskuntzaren zerbitzu publikoa» aipatua da bertsio berrian.

Zer aldatzen du horrek? Dena. Michel Feltin-Palas l'Express astekariko kazetariak jakinarazi du galdera egin diotela Frantziako Konstituzio Kontseiluari «irakaskuntza zerbitzu publikoa» formulazioak barnean zer hartzen duen zehazteko. Facebooken argitaratu duenez, hark erantzun die ikastolak eta halako itunpeko eskolak ere sartzen direla formulazio horretan. Gaur-gaurkoz, ez da jakina noiz aldatu duten dokumentua.

Apirilaren 8an onartu zuten Frantziako Asanblean hizkuntza gutxituen aldeko legea. Besteak beste, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea zekarren, eta dokumentu ofizialetan ñ eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea baimentzen zuen. Baina, legearen kontra helegitea jarri zuten Martxan alderdiko 61 diputatuk, eta bi neurri horiek zentsuratu zituen Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen konstituzioaren 2. artikulua oinarri hartuta.

Ebazpenean zehaztu zuen eskola publikoei eta itunpekoei zegokiela erabakia, eta hizkuntza gutxituen aldeko eragileen kezka eta haserrea eragin zuen horrek. Hain zuzen ere, ebazpena hitzez hitz hartuta, ikastolak eta gisa bereko itunpeko eskolak Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo daitezke, 1995ean Frantziako Estatuarekin izenpetutako hitzarmenak zalantzan jarrita. Azken urteetan eskola publikoan eta pribatu katolikoan abian eman diren euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazioak ere kolokan geldituko lirateke.

Departamenduetako eta eskualdeetako bozen testuinguruan, hautetsi eta erakunde andana altxatu dira azken asteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitearen alde. Giroa baretzeko, hizkuntza gutxituak «altxor nazionala» direla erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak mezu lauso batean, eta Frantziako Asanblean batzorde bat sortu zuten egoera baretzeko.

Maiatzaren 29an, mobilizazio jendetsuak egin zituzten, eragileek deituta, hizkuntza gutxituak dituzten Frantziaren meneko lurralde guzietan. Azken asteetan ere izan dira protesta gehiago, brebetaren eta baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen alde, eta, aste honetan, Ortzaizeko (Nafarroa Behera), Larraineko eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskolak okupatu dituzte gurasoek eta hautetsiek, heldu den ikasturtean euskaraz irakaskuntza elebakarraren esperimentazioa hasi ahal izatea aldarrikatzeko.

Mozioa Euskal Elkargoan

Ekainaren 15ean gutun bat bidali zioten Macroni Frantziako Asanbleako eta Senatuko, eta Europako Parlamentuko 140 parlamentarik, hizkuntza gutxituak babesteko Frantziako Konstituzioaren erreforma abiatu dezala eskatzeko. Ipar Euskal Herriko bost parlamentariek izenpetu dute gutuna: Max Brisson (LR), Frederique Espagnac (PS), Vincent Bru (Modem), Florence Lasserre (Modem) eta Jean Lassalle.

Atzo, mozio bat onartu zuen Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak, Frantziako presidenteari eskatuz konstituzioa berrikusteko prozedura bat abia dezala, bermatze aldera murgiltze ereduaren bidez egin ahal izatea hizkuntza gutxituen irakaskuntza, bai eskola publikoan, baita itunpekoetan ere. «Konstituzio Kontseiluaren erabakiak kalte handia egiten dio Ipar Euskal Herrian adostasun politiko eta sozial handienean garatu ereduari», adierazi dute.

Horrez gain, heldu den ikasturterako aurreikusiak ziren euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazioak onar ditzala eskatu diote Frantziako Estatuari. Bost proiektu daude: Larraineko, Idauze-Mendiko eta Ortzaizeko eskola publikoetan, Aiherrako (Nafarroa Behera) pribatu katolikoan, eta Bardozeko (Lapurdi) ikastolan, murgiltzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian. ©JON URBE / FOKU

Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Torrealdairen lanari «jarraipena» emanez, MHLI taldeak 1975. eta 1983. urteen arteko zentsurari buruzko liburu bat ondu du. Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. ©Maialen Andres, Foku

Betetzeko dago oraindik ere Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea

Julen Otaegi Leonet

Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, oztopoak daude hizkuntza gutxituen presentzia biderkatzeko bidean. Plataformek «urratsak» egitea galdegin du.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...