Kongresuko Eztabaida

Estebanek Sanchezi exijitu dio urratsak egin ditzala Gernikako Estatutua betetzeko

EAJko bozeramaileak salatu du Espainiako Gobernua bazkideak kontuan hartu gabe ari dela lanean.

Aitor Esteban, gaur, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 13a
15:20
Entzun

EAJko eledun Aitor Estebanek «harremanak zaintzeko» eskatu dio Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, eta ez «uzkurtzeko» eskuinaren aurrean. Jeltzaleak txarretsi dio azken neurriek «gobernu autonomikoen erabakiak mugatzen» dituztela, eta gogoratu dio Gernikako Estatutuan jasotako eskumen ugari eskualdatu gabe daudela oraindik ere.

Espainiaren egoerari buruzko eztabaidan, Estebanek Sanchezi exijitu dio inbestidurako blokearekin hartutako konpromisoak betetzeko, eta Euskal Herriko eta Kataluniako «aliatuak» kontuan hartzeko erabakiak hartzeko garaian. Izan ere, jeltzaleak gogoratu dio haiek ezinbestekoak izango dituela hurrengo urteko bozetatik haratago ere gobernuan jarraitu nahi badu: «Guri esaten diguzu ez dugula zu babestea beste alternatibarik, eta, benetan, zu zara baztertu ezin gaituena».

EAJko bozeramaileak kritikatu du gobernuak atzo iragarritako neurriak bazkide parlamentarioekin kontsultatu gabe erabaki dituztela; zenbait kasutan, erkidegoetako gobernuen eskumenak kontuan hartu gabe. Era berean, salatu du Madrilek ez duela «ezer arriskatu» Euskal Herriko eta Kataluniako aferei erantzun bat bilatzeko; ezta erregearen zigorgabetasuna amaitzeko eta Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ere.

Sanchezek erantzun dio Espainiako Gobernuak EAJrekin adostutako hamalau konpromisoetatik bost bete dituela; tartean, espetxe eskumena eskualdatzea eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketak mantentzea. Eskualdaketei dagokionez, ordea, gaur egun «paralisi» bat dagoela onartu du. Gobernuburuak argudiatu du eskumen batzuk eskualdatzeko «zailak» direla, eta horren jakitun daudela EAJ eta Eusko Jaurlaritza. Hala, jakinarazi du ministerioak zenbait aldaketaren «aurka» agertu direla; meteorologia, atzerritarren lan baimenen kudeaketa, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, eta Zinematografia Babesteko Funtsa aipatu ditu.

Azalpen horiek, ordea, ez dira nahiko argudio, Estebanen hitzetan. Hark azaldu du bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa eta espetxe eskumena eskualdatzean ere «zailtasunak» zeudela argudiatu zuela gobernuak, eta haiek aurrera egin dutela. Hala, gogoratu dio Moncloak ez duela bete berak aurkeztutako egutegia. Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Olatz Garamendiren bide berari jarraitu dio, beraz, Estebanek. «Borondate politikoa falta» dela salatu zuen atzo sailburuak, eta Madrili gogoratu zion estatutua betetzea ez dela negoziagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.