demografia

Baliteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 85.000 biztanle gehiago egotea 2036an, Eustaten arabera

Eustatek eginiko demografia proiekzioaren arabera, migrazio saldoek heriotzen igoera eta jaiotzen jaitsiera konpentsatuko lituzkete.

Eustaten proiekzioaren arabera, biztanle kopuruak gora egingo du datozen hamalau urteetan. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2022ko uztailaren 14a
11:42
Entzun

Litekeena da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 84.900 herritar gehiago bizitzea 2036. urtean. Eustatek urte horretara bitarteko demografia proiekzioa argitaratu du, eta, horren arabera, biztanleria %0,24 handituko litzateke, baina erritmoa desberdina izango litzateke proiekzioaren aldi osoan. Lehen bost urteetan, biztanle kopurua %0,14 handituko litzateke, batez beste, baina, 2026tik aurrera, urteko hazkunde tasa % 0,30 inguru litzateke.

Zenbaki absolutuetan, biztanle kopuruak Gipuzkoan egingo luke gora gehien; 37.800 herritar gehiago lituzke, eta Bizkaiak 24.200 gehiago. Arabak, berriz, 23.000 gehiago.

Eustaten arabera, herritar kopuruaren hazkundea migrazio saldoaren ondorio litzateke; izan ere, Euskal Herritik joan baino 194.700 pertsona gehiago etorriko lirateke. Jaiotzei eta heriotzei erreparatuta, berriz, 2036rako 109.900 biztanle gutxiago izango dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta, beraz, immigrazioari esker izango dute biztanle gehiago.

Zahartzen

Eustaten aurreikuspenaren beste ondorioetako bat da biztanleriaren zahartze prozesuak bere horretan jarraituko duela datozen hamalau urteetan ere: «2021ean, 20 urtetik beherako biztanleak EAE osoaren %18,2 izan dira; 2036an %15,3ra jaitsi, eta 51.000 pertsona gutxiago izango lirateke». 65 urtekoak edo gehiagokoak, berriz, 163.200 gehiago izan litezke, eta, beraz, 2036an % 29,3ra iritsiko lirateke –2021ean baino sei puntu gehiago–. Hazkunde erlatiborik handienak 85 urteko eta gehiagoko biztanleen artean izango lirateke; izan ere, 2036an, 126.700 pertsona izango lirateke, 2021ean baino 37.200 gehiago, hau da, biztanleria osoaren % 5,6. Haatik, jaiotza tasak gora egitea espero du Eustatek, ugalkortasuna areagotzea eta «ugaltzeko adinean dauden emakumeen kopurua» handitzea aurreikusten baitu.

Bizi itxaropenari dagokionez, gorantz segituko du datozen urteetan ere, Eustatek aurreikusitakoa betez gero. 2035ean, bizi itxaropena 84,2 urtekoa izango litzateke gizonentzat, eta 89,1ekoa emakumeentzat. 2020an, 80,7 eta 86,3 urtekoa izan dira, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.