Makroekonomia

EBk hazkunde txikiagoa eta inflazio handiagoa espero ditu, baita 2023an ere

Eurogunea %2,6 haztekoa da aurten, eta %1,4 baizik ez datorren urtean. Inflazioa %7,6ra iritsiko da aurten, eta %4ra jaitsiko da 2023an.

Paulo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 14a
12:51
Entzun

Betetzen ari dira Europako Batzordeak udaberrian egindako iragarpenik beltzenak. Ukrainako gerrak jarraituz gero energia eta elikagaiak gehiago garestituko zirela aipatu zuen, eta hala gertatzen ari da. Gainera, onartu du gauzek ez dutela hobera egiteko itxura handirik, etorkizun hurbilean behintzat.

«Inflazioaren presioa handitzen ari da, familien erosteko ahalmena higatzen ari da, eta espero baino bizkorrago doa diru politikaren erantzuna [interes tasen igoera]», onartu du Bruselak, eta beste bi faktore ere aipatu ditu, oso garrantzitsuak EB bloke esportatzaile bat dela ikusita: AEBetan ere hazkundea moteltzen ari da, Erreserba Federala interes tasak bizkor handitzen ari delako, inflazioari aurre egiteko; eta Txinak COVID-19aren aurkako politika zorrotza darabil, eta horrek hango ekonomia pixka bat moteldu du, eta EBko produktuen eskaria gutxitu.

Horiek horrela, iragarpen guztiak okertu ditu Batzordeak. Ez hainbeste aurtengoak, jada apaldu zituelako udaberrian, eta itxialdien eta murrizketen osteko errebotearen indarra nabarmena delako. Hortaz, 2022an, euroguneko BPG barne produktu gordina %2,6 da haztekoa (maiatzean iragarritakoa baino 0,1 puntu gutxiago), baina aldaketa nagusia 2023an dator: %2,3ko hazkundearen tokian, %1,4 espero du orain.

Inflazioa, goia jotzear

Inflazioari dagokionez, Bruselak uste du hirugarren hiruhilekoan joko duela goia, gas gero eta garestiagoaren eragina argindar prezioetan osorik islatuko baita. Udako hilabeteetan %8,4ra iritsiko da prezioen goititzea eurogunean —%9,7an dago Hego Euskal Herrian—, eta gero beheranzko joera motel bat hasiko du, betiere Errusiak ez badu hurrengo aste edo hilabeteetan gasaren iturria erabat ixten.

«Errusiak gas hornidura gehiago murrizteak prezioak handituko lituzke, eta estagflazioaren indarrak zabalduko lituzke», Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak onartu duenez. Kasu horretan, urteko bigarren erdian atzeraldia izango litzatekeela uste du Bruselak, eta 2023ko jarduera ekonomikoa gehiago apalduko duela.

Gaur-gaurkoz, urteko batez besteko inflazioa %7,6 izatea espero du Europako Batzordeak (+1,5), eta 2023koa (+1,3), berriz,%4.

Espainia eta Frantzia

Kopuru horiek gaindituko ditu Espainiak, Bruselaren iragarpenak betez gero. Aurten, %4 da haztekoa BPGa (=), eta, 2023an
(-1,3), berriz, %2,1. Batez besteko inflazioa %8,1 izango da aurten (+1,8), eta %3,4 2023an (+1,6). Batez besteko inflazioa datu oso garrantzitsua da pentsiodunentzat, legeak dioelako urte bateko abendutik hurrengoko azaro arteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratuko direla pentsioak.

Frantziari dagokionez, Batzordeak %2,4ko hazkundea iragarri du aurtengorako, eta %1,4koa datorren urterako. Inflazioa, berriz, %5,9 eta %4,1 izango da, hurrenez hurren.

Inflazioak Baltikoko herrialdeei eragingo die gehien: Estoniak eta Lituaniak %17koa izango dute, eta %15,5ekoa Letoniak. Hazkundearen lehen lerroan, berriz, Portugal izango da (%6,5), eta haren atzetik Eslovenia (%5,4) eta Irlanda (%5,3).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.