Lan gatazkak

Mercedeseko bozketan gardentasun falta salatu dute ELAk, LABek eta ESK-k

Ekoizpena geldi dago gaur ere, grebaren ondorioz. Modu presentzialean eta aplikazio bidez izango dute bozkatzeko aukera, astelehen goizetik hasita.

Sindikatuek deituta, batzarra egin dute goizean, Gasteizen. L.RICO/EFE
aitor biain
2022ko uztailaren 15a
12:53
Entzun

Mercedes-Benzen Gasteizko lantegia geldi dago gaur ere. ELAk, LABek eta ESK-k deitutako lanuzteak erantzun zabala izan du beste behin. Deitzaileek adierazi dutenez, langile gehienak –%95 inguru– ez dira lanera joan, eta, ondorioz, ekoizpena eten behar izan dute.

Lan hitzarmenaren negoziazioen testuinguruan antolatu duten bederatzigarren lanuztea dute gaurkoa, eta zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin akordioa egin zutenetik hirugarrena. Hain zuzen ere, astelehenean egingo dute ituna onartu edo ez erabakitzeko erreferenduma, eta giroa erabat nahastuta dago bozketaren atarian.

Izan ere, sindikatu abertzaleek gardentasun falta salatu dute. Kritikatu dute, besteak beste, enpresa aritu izana «galdeketa antolatzen», sindikatu guztiek prozesuan parte hartzeko eskubidea duten arren; eta erroldak eskura ez izatea bozketa baino lehenago, gainbegiratu ahal izateko. «Ez da bilerarik egin antolatzeko, behin baino gehiagotan eskatu dugun arren», esan dio Igor Gebara langile batzordeko presidenteak BERRIAri.

Ordea, CCOOk ukatu egin du halakorik, eta adierazi du prozesuak «erabateko gardentasuna» duela, eta langileek «oso ongi» dakitela bozketa nola egin den. «Beste antzeko galdeketa edo hauteskunde sindikalen gisan egingo da bozketa», esan du Roberto Pastor CCOOko ordezkariak.

Gasteizko fabrikan lan egiten duten ia 5.000 langileei atzo arratsaldean jakinarazi zieten nola antolatuko duten erreferenduma. Bi aukeren artean erabaki beharko dute langileek, sindikatuek BERRIAri jakinarazi diotenez: «Akordioa bai» edo «akordioa ez». Eta botoa emateko ere bi modu izango dute: presentziala izango da bat, fabrikako hainbat gunetan jarriko diren boto kutxen bidez egin ahalko dute. 22 hautetsontzi jarriko dira guztira, eta langileek hainbat ordu izango dituzte botoa emateko.

Astelehen goizean hasita, lan txanda guztietan izango dute bozkatzeko aukera, baina soilik ordu jakin batzuetan. «Horrek esan nahi du hautetsontziak itxita egongo direla ordu batzuez, eta ez dakigula zer egingo duten haiekin tarte horietan», gaitzetsi du Gebarak.

Elektronikoa izango da bozkatzeko bigarren modua, horretarako prestatu duten aplikazio baten bidez. Lehen aldia da modu hori erabiliko dutena Mercedesen. Langileek aurrez erregistratu beharko dute botoa eman ahal izateko. Bada, sindikatu abertzaleek salatu dute ez dakitela nork kudeatuko duen aplikazio hori eta, beraz, horrek zalantzan jartzen duela «botoaren anonimotasuna».

Eta emaitza ezezkoa bada?
Emaitzak astearterako espero dituzte sindikatuek. Nahikoa izango da gehiengo sinple bat lan hitzarmenaren akordioari behin betiko onarpena emateko. Baiezkoak irabaziko balu, ituna idatzi eta «berehala» aplikatuko litzateke, Roberto Pastor CCOOko ordezkariak adierazi duenez.

Baina, eta emaitza ezezkoa bada? Kasu horretan zer gertatuko den ez dago argi, eta sindikatuek ere iritzi kontrajarriak adierazi dituzte. Pastorren ustez «ez dago beste alternatibarik», eta, beraz, langileek ezin dute beste proposamen bat aukeratu. «Ezin da esan ‘hau ez zait gustatzen, eta ea zer gehiago lor dezakedan’. Proposamen bakarra dago. Ezezkoa eskatzen ari diren sindikatuek esan beharko dute zer proposatzen duten». Haren ustez, gainera, ezin da berriz ere negoziatu, enpresak «amaitutzat» jo zuelako.

Gebarak uste du, ordea, gehiengo sindikalaren eta zuzendaritzaren ardura dela bi agertokiak aurreikustea. Eta adierazi du berriz ere negoziatzeko eskatuko dutela ezezkoa aterako balitz. «Guk argi daukagu: ezezkoa ateratzen bada, zuzendaritzari elkartzeko eskatuko diogu asteartean bertan. Ziurrenik, ez du nahiko. Kasu horretan, langileei jakinarazi eta presio egin beharko dugu bilera egiteko». Hain zuzen ere, aurreratu dute kasu horretan beste hiru greba egunera deituko dutela datorren astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.