Irlanda

Sinn Feineko presidenteak ziurtatu du «hamarkada honetan» egingo dutela Irlanda batzeko erreferenduma

«Lidergo politiko eta energia handia eskatuko du, baina hamarkada honetan erabakiko da Irlandaren etorkizuna», adierazi du Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak.

Michelle O'Neill eta Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruzagiak, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 18a
14:43
Entzun

«Erreferendum bat izango dugu hamarkada honetan. Benetan uste dut afera konstituzional hau hamarkada honetan konponduko dugula». Halaxe ziurtatu du Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak El País egunkarian egindako elkarrizketa batean, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren batzeari buruz galdetuta: «Gainera, uste dut modu baketsu, demokratiko eta ordenatuan egingo dugula. Lidergo politiko eta energia handia eskatuko du, baina hamarkada honetan erabakiko da Irlandaren etorkizuna».

Dublinen jaio zen McDonald, 1969an, eta duela lau urte hartu zuen Sinn Feineko presidentetza. Aurretik, bederatzi urte egin zituen alderdiko presidenteorde gisa. Joan den maiatzean, Sinn Feinek irabazi zituen Ipar Irlandako hauteskundeak, McDonalden eta Michelle O'Neillen gidaritzapean. Irlandako Errepublikan, berriz, Fianna Fail, Fine Gael alderdiek eta Alderdi Berdeak osatzen dute gobernu koalizioa.

Ikusi gehiago:Soslaia: Mary Lou McDonald

McDonald parlamentari da Dublinen, eta El País egunkarian emandako elkarrizketan nabarmendu du jendea ez dela «politikan sartzen helburu bakarrarekin». Eguneroko arazoei heltzearekin batera, Irlandaren batasuna ere landu daitekeela uste du: «Irlandarrei galdetzen badiezu, kezkarik handienak dira etxebizitza, osasuna... Noski. Horiek dira gai nagusiak, baina horrek ez du esan nahi jendeak ez daukanik etorkizunerako pasiorik, bisiorik eta kezkarik. Nolakoak izango dira gauzak hemendik hamar urtera? Aldaketa politikoa bultza dezakezu, eta bi gauzetan arreta jarri, abiadura ezberdinetan».

Eskozian datorren urtean egin nahi dute

Eskozian ere nahi dute beste galdeketa bat egin. Nicola Sturgeon lehen ministroak kontsulta moduko galdeketa bat egiteko bide orriaren berri eman zuen ekainean, eta proposatu zuen bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak erantzun zion ez zegoela ados. Proposamena aurkeztean, ordea, Sturgeonek azaldu zuen Edinburgok Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari galdetuko diola lege proiektuaren edukia legezkoa den.

Erresuma Batuko Gobernua ere krisian da, gainera; Boris Johnsonek dimisioa eman zuen uztailaren 7an, hainbat eskandalurengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.