EAE-ko BPG-a

Ekonomiak hazten jarraitzen du, baina erritmo apalagoan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %4,3 igo da bigarren hiruhilekoan, aurreko urtekoarekin alderatuta, industria eta esportazioen bolada onak bultzatuta.

Behargin bat, Bilboko portuko azpiegitura batean lanean. MARISOL AMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 19a
12:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteko bigarren hiruhilekoan, euskal ekonomiak hazkundeari eutsi dio —zazpigarren hiruhilekoz jarraian—, baina hasi da nabaritzen prezioen gorakada handiaren eta Ukrainako gerraren ondorioak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina (BPG) %0,9 igo da lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta, 2021eko bigarren hiruhilekoarekin konparatuz gero, %4,3 handiagoa da, Eustatek astearte honetan emandako datuen arabera.

Hazkundea mantendu den arren, moteltze txiki bat nabari da: %1,3 handitu zen 2021eko azken hiruhilekoan, %1 2022ko lehenengoan, eta hamarren bat gutxiago (%0,9) bigarrengoan. Erritmo hori dela eta, ez dira leheneratu oraindik pandemia aurreko kopuruak, gertu dauden auren.

Urte arteko tasan, hazkundea handia da (%4,3), baina kontuan hartu behar da iazko bigarren hiruhilekoan oraindik nabariak zirela koronabirusaren hirugarren eta laugarren olatuen eraginak. Horiek horrela, aurten hazkunde handiagoa espero zitekeen.

Hala ere, Eustaten emaitzak ez du inor ezustean harrapatu. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak martxoan aurreratu zuen bigarren hiruhilekoko bilakaera ekonomikoari buruz zuen informazioak ez zuela pentsarazten hazkunde erritmoa handituko zenik, baina ezta nabarmen eteten ari zenik ere. Urte amaierara begira, BPGa %4,5 handituko dela iragarri zuen Azpiazuk, munduko ekonomia zeharo baldintzatu duten azken gertakari geopolitikoen aurretik zioena baino 2,2 puntu gutxiago.

Industria eta esportazioak

Eustatek astearte honetan jakinarazitako datuak aurrerapen bat dira; datorren irailean emango du informazio zehatza, eta orduan ikusi ahal izango da sektore bakoitzaren pisua. Berriki jakinarazi diren esportazio eta industria datuei erreparatuz gero, pentsatzekoa da horiek eutsi diotela hazkundeari.

Esportazioen kasuan, eta maiatzera arte behintzat, ikusgarria izan da bilakaera, eta markak guztiak apurtu dira: maiatzean %50 handitu ziren fakturazioak, bereziki olio finduen eta produktu siderurgikoen salmentek bultzatuta, Eustatek herenegun emandako datuen arabera.

Industriaren kasuan, oro har, %41,3 hazi dira fakturazioak maiatzean, aurreko urteko hil berarekin alderatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —urteko hilabeterik onena izan da—, eta %27,1eko igoera izan da urtarriletik maiatzera arte, INEk astearte honetan jakinarazi duenez. Zerbitzuen sektorean, berriz, apalagoa izan da hazkundea: %23,6koa izan da urte artekoa, eta %19,4koa urte honetan pilatutakoa.

Bolada on horrek enpleguan eragin du: %0,8 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta seigarren hiruhilekoa da enpleguak gora egiten duena. Bestalde, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, %3,7 lanpostu gehiago daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.