Inflazioa

Inflazioari aurre egiteko 200 euroko txekea banatzen hasiko dira aldundiak

Laguntza jasotzeko, 14.000 eurotik beherakoa izan behar du bizikidetza unitatearen 2021eko errentak. Pentsiodunek eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ezin dute eskatu.

Herritar batzuk erosketa egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 21a
11:33
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek herritarren eskura jarri dituzte Espainiako Gobernuak ekainaren 25ean onartutako dekretuan ezarritako 200 euroko laguntza zuzena eskatzeko tramiteak. Ostiral honetatik aurrera eta irailera arte eskatu ahal izango da sozialki eta ekonomikoki kaltebera daudenentzako txekea, aldundi bakoitzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden formularioen bidez.

Diru sarrera txikiko langileentzat, autonomoentzat eta langabeentzat da laguntza, eta baldintza hauek bete behar dira jasotzeko: bizikidetza unitatearen 2021eko errenta 14.000 eurotik beherakoa izatea, eta haren ondarea 43.196,4 eurotik beherakoa, ohiko etxebizitza kenduta.

Kanpoan geratu dira pentsiodunak, bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dutenak eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak.

Bi aste berandu

Espainiako Gobernuak emango ditu txekeak, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldundiek bideratuko dituzte. Bi aste berandu hasiko dira, ez baitzegoen argi hiru lurralde horietan nork egin behar zuen hori.

Ekainaren 25ean aurkeztu zuen neurria Espainiako Gobernuak, prezioen igoera handiari aurre egiteko beste neurri batzuekin batera. Adibidez, garraio bonuak merkatu egingo dira irailaren 1etik aurrera: estatuaren garraio publikoetan, %50, eta Renfeko aldirietako eta distantzia ertaineko bonuetan, %100. Erkidegoen esku dauden garraioetan %30eko deskontua ezarri zuen Madrilek, baina Eusko Jaurlaritzak %50era igoko ditu bonuetako deskontuak.

Dekretuak beste neurri batzuk jasotzen ditu: argindarraren BEZa jaistea, %10etik %5era, butano bonbonaren prezioa mugatzea, eta abendura arte iraungo du erregai litroarentzako 20 zentimoko deskontuak. Beste berritasun bat kotizazio gabeko pentsioentzako %15eko aldi baterako igoera da. Batez beste, 60 euro igoko da hilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.