Enpresak

Tubacexek eskari zorroaren marka hautsi du

Iazko aldiarekin konparatuta, salmentak bikoiztu ditu hodigileak, 353,8 milioi euroraino. Enpresaren zorrak, ordea, berdintsu jarraitzen du urte hasieratik.

Tubacexeko behargin bat. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 21a
15:53
Entzun

Tubacex hodigileak 353,8 milioi euroren salmentak izan ditu lehen sei hilabeteotan, iaz baino bi bider gehiago —hain zuzen, 160 milioiren salmentak izan zituen—. Hodi ekoizleak aldi horretako emaitzak aurkeztu ditu, eta bere onera itzultzen ari dela dirudi. Izan ere, 32,2 milioi euroren galerekin amaitu zuen iaz, eta jada buelta ematea lortu du: 9,1 milioi euro garbiren irabaziak izan ditu.

Mila milioi erdiko eskari zorro «sendoarekin» ekin zion Tubacexek urteari, eta, markak hautsi ditu. 1.500 milioikoa du orain. «Gure posizionamendu onak ahalbidetu du eskarien harrera oso ona izatea», zehaztu du enpresako kontseilari ordezkariak. Esaterako, duela hilabete inoizko kontraturik handiena sinatu zuen enpresa hodigileak, Abu Dhabin. Horrela, apurka-apurka 1,3 milioi murriztu du bere zorra gaur egun arte. Oraindik 334,9 milioikoa du bizkar gainean.

Martxa onarekin hasi du urtea Arabako hodi ekoizleak, eta datorrena ere begi onekin ikusten du. Aurtengo emaitzak 2018koa eta 2019koa gaindituko dituela aurreikusten du, eskari zorro esanguratsuari eta merkatuan duen presentziari esker.

Gas naturala eta nuklearra «funtsezko» bihurtu dira —Europako Batzordeak energia «berdetzat» jotzeko proposamenak aurrera egin du—. Energiaren merkatuaren «suspertze orokor» bat dagoela azaldu du Tubacexek. Ordea, «ziurgabetasuna» ere bada, kostuen, energiaren eta lehengaien garestitzearen ondorioz. Behintzat, kostu horiek bezeroen gain uztea lortzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.