Energia

Krisi energetiko betean, nuklearra eta gasa bultzatuko ditu Europak

 Parlamentuak onetsi du nuklearretako eta gas azpiegituretako inbertsioek etiketa berdea izatea. Herrialdeen menpekotasunek baldintzatu dute bozketa. EAJk babestu du neurria, EH Bilduk ez.  

Nuklearra eta gasa taxonomian sartzearen kontra urtarrilean Frankfurten egindako protesta bat. RONALD WITTEK / EFE
Jokin Sagarzazu - Irune Lasa
2022ko uztailaren 6a
13:02
Entzun

Europako Batzordeak arnasa hartu du. Instalazio nuklearretan eta gas zentral elektrikoetan egindako inbertsioak «berdetzat» hartzeko proposamenak aurrera egin du Europako Parlamentuan, eta, ezustekorik ezean, indarrean egongo da datorren urtetik aurrera. Asteazken honetan egindako bozketan, eurodiputatuek atzera bota zezaketen proposamena, baina ez da horretarako behar den gehiengo osoa osatu. 278 parlamentarik atzera egitearen alde bozkatu dute —353ren babesa behar zen—, 328k kontra egin dute, eta 33 abstenitu egin dira.

Ekainean parlamentuko batzordean aurkako emaitza izan zen. Dena den, gaurko eurodiputatu askok iragarri zuten beren herrialdeen interesen arabera bozkatuko zutela, talde diziplina hautsiz. Hala egin dute 30 bat eurodiputatu sozialdemokratak, Batzordearen proposamena babestuz; popular eta liberal batzuek, aldiz, aurkakoa egin dute. Euskal Herriko ordezkarien artean, adibidez, Izaskun Bilbaok (EAJ) proposamenaren alde egin du, eta Pernando Barrenak (EH Bildu) aurka. Kontseiluak proposamena atzera bota dezake oraindik, baina ez dirudi blokeorako gehiengorik egongo denik. Uztailaren 11ko gauerdia baino lehen 27 herrialdeetatik hogeik aurkeztu beharko lituzkete alegazioak.

Zenbait luzapenen ondoren, eta bere aholkularitza zientifikoari muzin eginez, Batzordeak urte hasieran proposatu zuen zentral nuklearrak eta gas azpiegiturak berdetzat jotzea, baldintza batzuekin. Haren ustez, bi jarduerak trantsiziorako baliagarritzat jo daitezke, klima aldaketa arintzen dutelako. Taxonomia berdea deiturikoa jarduera ekonomiko berdeen zerrenda bat da, nolabaiteko etiketa berdea aitortzen diena zenbait jarduerari, erreferentzia izateko finantza eragileentzat bonuak, kredituak eta bestelako produktuak jaulkitzeko orduan. Kasu honetan energiara mugatzen da, baina etorkizunean nekazaritza, garraioa edo industria bezalako sektoreetan egindako inbertsioak ere hartzea aurreikusten du Batzordeak.

Industria sektorearen oniritzia du neurriak, eta hainbat herrialderena: tartean, Frantziarena, Alemaniarena, Suediarena eta EBko ekialdeko gehienena. Danimarka, Austria eta Luxenburgo, aldiz, aurka azaldu dira, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jotzeko mehatxua egin dute. Hala adierazi du Claude Turmes Luxenburgoko Energia eta Ingurumen ministroak Twitterren. Talde ekologista eta GKE batzuk ere jakinarazi dute Batzordeari berrikuspen formala eskatuko diotela eta, ezezkoa bada, Luxenburgoko auzitegian helegitea aurkeztuko dutela, neurriak Parisko Akordioan hitzartutako helburu klimatikoak betetzen ez dituela uste baitute.

Errusiara begira

Ukrainako gerra eta Errusiaren erregaiekiko menpekotasunak eragindako krisi energetikoak asko baldintzatu du bozketa. Batzordearen arabera, momentu honetan egin dezakeen proposamen «errealistena» da nuklearra eta gasa bultzatzea. Hala esan zuen Mairead McGuinness Finantza komisarioak atzoko eztabaidan, eta «pragmatikoak» izateko eskatu zien eurodiputatuei. «Errusiako erregai fosilak bertan behera uzteko premia dela eta, inbertsio horiek handitu behar ditugu zentzu berritu batekin». Gasa taxonomia berdean sartu izanak Errusiari mesede egin diola dioten kritikei McGuinnessek erantzun die hain justu aurkakoa lortzeko balioko duela; alegia, hornitzaile berriak aurkitzeko onuragarria izango dela.

Bozketa egin baino minutu batzuk lehenago, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak esan du «erabat sinetsita» dagoela «errusiarren erregai fosiletatik azkar askatzeko» ezinbestekoak izango direla planta nuklearrak eta gas zentralak. Izaskun Bilbao EAJ eurodiputatua antzera mintzatu da Twitterren. «Ukrainaren inbasioaren ondoren, gasa eta nuklearra dira hornikuntza bermatzeko aukerarik errealistenak, berriztagarriek ez baitute %100 bermatzen. Ez dira helburu klimatikoak aldatu, horiek lortzeko modua baizik». EH Bilduko Pernando Barrenarentzat, berriz, atzerapausoa da erabakia: «Larrialdi klimatikoari aurre egiteko aukera bakarra dugu: eredua aldatzea. Europako Parlamentuan hartutako erabakia oso kezkagarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.