Ikus-entzunezkoak

Ez daitezela platerak erori

Galesezko, irlanderazko, galegozko eta katalanezko telebisten ordezkariek eta ETBko zuzendariak gazteak kateatzeko erronka dutela esan dute gaur, Donostian, EHUren udako ikastaroetan.

Mahai inguruko solaskideak, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 22a
17:48
Entzun

Solaskide guztiei gustatu zaie Alan Esslemont YG4 irlanderazko telebistako zuzendari nagusiak erabili duen metafora: «Plater asko daude biraka, eta denetan egin behar da eskaintza. Baina baliabideak behar ditugu horretarako». Daniel Hernandez Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko gobernu eta estrategia bulegoko zuzendariak heldu dio irudiari: «Jatetxearen maitre izan behar dugu guk, eta platerak ez daitezela erori». Platerekin adierazi nahi izan dute ikus-entzunezko edukiak espazio desberdinetan eskaini behar dituztela, ez soilik telebista linealean, eta estrategiak garatu behar dituztela horretarako. Irrati, telebista eta Internet europar hizkuntz gutxituetan 2030era begira: erronkak eta estrategiak ikuspegi askotako arrakasta, irismen eta zerbitzu publikoaren kontzeptuaren aurrean mahai inguruan mintzatu dira Esslemont eta Hernandez, gaur, Donostian, Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITBk 40 urte EHUren ikastaroan.

Tania Arriaga EHUko irakasleak gidatuta, solasaldi horretan mintzatu dira baita ere SC4 galesezko telebistako zuzendari eragile Sian Doyle, Galiziako CRTVG korporazioko zuzendari Alfonso Sanchez Izquierdo eta ETBko zuzendari Unai Iparragirre. Esslemontek hizkuntza gutxituen telebisten gaineko honako gakoa eman du: «Ezin gara telebista linealean gelditu, marka garrantzitsua da, eta audientziekin konektatu egin behar dugu».

Doylek azaldu duenez, galesezko kateek finantzaketa handitu egingo dute laster, «plataforma berriei aurre egiteko». Aipatu du, esaterako, Youtube eta Facebook bidez egiten dituzten zuzeneko emankizunak indartu egingo dituztela. «Asko dago egiteko, eta gazteengana iritsi nahi dugu». ETBk bezala, 40 urte beteko ditu aurten galesezko telebistak.

Kataluniako telebista publikoak, berriz, datorren urtean beteko ditu 40 urte. Hernandezek zera aitortu du: «Interneteko nahieran zerbitzua zaharra gelditu zaigu». Horregatik, Interneteko plataforma bat sortuko dute. «TV3etik kanpokoentzat zabalik egongo da, beste eragile batzuek katalanezko edukiak jar ditzaten, eta monetizatu dezaten ere bai». Antzeko egitasmo batean ari da lanean EITB: Primeran. «Edukiak egiten dituen edonork hor tokia izatea nahi genuke», esan du Iparragirrek. «Primeran-ek fokua euskaran izango du».

Konpetentziak eragina duela aipatu dute telebisten arduradunek. Aliantzak lantzeko beharraz ere mintzatu dira. Izquierdok nabarmendu du streaming plataforma handi batzuekin elkarlanean hasiak direla fikziozko proiektuetarako. «Aurrera egiteko aukerak dauzkagu. Erronka hori onartu behar dugu».

Hernandezek iragarri du TV3kkatalanera bikoiztutako 9.000 titulu emango dizkiela plataformei —Netflixek berriki sareratu du TV3en bikoizketa duen lehen filma: Jaws (1975)—. «Netflix prest azaldu da katalanezko audioak jartzeko, baina HBO Max eta Amazon, ez». Iparragirrek azaldu du ETB harremanetan dela plataformekin, baina zailtasunak dituztela euskarazko audioekin: «Euskarazko bikoizketak eskaini nahi dizkiegu, baina Netflixek dio ez direla bateragarriak. Eta HBO Maxek dio teknikoki ezin duela euskarazko audioa gehitu».

«Esanguratsuak» izatea
Telebistetako ordezkariek nabarmendu dute hartzaile gazteengana iristeko erronka ez dela nolanahikoa. Modu desberdinetan ari dira horretan. Galesezko telebistako zuzendariaren arabera, gazteek Instagram bidez ikusten dituzte albisteak. «Eduki batzuk berariaz plataforma digitaletarako ari gara sortzen». Beste alde batetik, Galizian, galegoa Tiktok bidez erakusteko saiakera bat arrakastatsua izaten ari da.

TV3en, sekulako arrakasta lortu du Euphoria izeneko talent show-ak. Hernandezek nabarmendu duenez, %30eko ikusle kuota gainditu du, eta Interneteko plataformetan 12 milioi ikustaldi ditu. Bartzelonako Sant Jordi jauregian 17.000 zale bildu dira berriki saioko talentuen kontzertuan.

Iparragirrek erronkari heldu behar zaiola argi du: «Gazteengan jarri behar da fokua. Gauza berriak ari gara probatzen, eta hori da gizarteak eskatzen diguna. Gizarteari erantzun behar zaio».

Bost telebistetako ordezkariak ados daude aldatzeko prest egon behar dutela. Doylek azaldu du aliantzak sortzea garrantzitsua dela. «Eta ziurtatu behar dugu gure telebistak esanguratsuak izatea. Arrakasta izango dugu gure hiztunentzat esanguratsuak baldin bagara». Hernandezek, ildo beretik, zera aitortu du: «Gure telebistak ez badira esanguratsuak, hizkuntzek sufritu egingo dute. Baina horretarako, diru gehiago beharko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.