Musika

Donostiako Jazzaldiak 150.000 ikusle bildu ditu itzulerako urtean

Pandemiaren osteko lehen jaialdia inoizko jendetsuenetakoa izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Publikoaren harrera ona ere azpimarratu dute.

Diana Krallen kontzertuak eman zion amaiera atzo jaialdiari. IDOIA ZABALETA /FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 26a
13:47
Entzun

Amaitu da 57. Jazzaldia Donostian, eta ezin hobea izan da antolatzaileen balorazioa: «Publikoaren saria irabazi du Jazzaldiak». Pandemiak azken bi urteetan jarritako oztopoen ondotik, inoizko jaialdirik jendetsuenetakoa izan baita aurtengoa. Guztira, 150.000 ikusle bildu dira hamalau agertokitan izandako 84 saioen artean. «Jazzaldiak bere publikoa berreskuratu du, eta programatutako kontzertuetan guztietan jendetza elkartu da», adierazi dute. Hurrengo urteko datak ere jakinarazi dituzte: uztailaren 21etik 25era izango da 58. Jazzaldia.

Antolatzaileek gogorarazi dute itzulera urtea izan dela aurtengoa, eta entzuleek izandako erantzuna eskertu dute, «portaera eredugarriarekin eta inolako gorabeherarik gabe egin direlako ekitaldi guztiak». Trinitate plazan, esaterako, edukiera osoa berreskuratu dute aurten, eta lau egunetatik hirutan sarrera guztiak amaitu ziren. Kursaaleko auditoriuma ere egunero bete da, eta Zurriolako hondartzako oholtza handiak milaka entzule erakarri ditu beste behin. Victoria Eugenia antzokiko nahiz San Telmo museoko kontzertuek izandako harrera ona ere nabarmendu dute antolatzaileek, eta baita terrazetako eta gainerako guneetan izandako giroa ere.

Kontzertuei dagokienez, «kalitate bikaineko» emanaldiak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek, eta horietako asko «gogoangarriak» izan direla. Agertoki nagusian, Hiromiren «kontzertu magistrala» goraipatu dute, eta Amina Claudine Myersk, aurtengo Donostiako Jazzaldia sariak, 1950eko gospel taldeei eskainitako «omenaldia». Baita Diana Krallek bere ahots, piano eta interpretatzeko moduarekin publikoari eta hiriari erakutsitako «hurbiltasun eta maitasun sentimendua» ere: «Berarentzat Europako onenak dira».

Kursaaleko emanaldien artean, Gregory Porter nabarmendu dute antolatzaileek: «Bere ahots handiarekin, berriro ere argi utzi zuen munduko jazz abeslaririk onenetako bat dela». Baita auditorioa «irauli» eta lehen unetik publikoa zutik jarri zuen Iggy Popen kontzertu «ahaztezina» ere: «Gogoan iltzatuta geratuko zaigu». Yann Tiersen eta Herbie Hancocken emanaldiak ere azpimarratu dituzte.

Simple Minds izan da hondartzako agertokiko talde nagusia:«Gogoz aritu zen taldea 40 urteko ibilbidea ospatzeko, eta ikusleek ederki gozatu zuten». Antolatzaileen esanetan, 42.000 lagun baino gehiago bildu zituen kontzertuak. Era berean, Mulatu Astatkek ere kontzertu «hipnotiko eta gogoangarria» eskaini zuela nabarmendu dute, eta Curtis Hardingek ere entzuleak «liluratu» zituela. The Escitements, Carolina Durante eta Vintage Trouble taldeek ere «hondartza dantzan» jarri zutela ere adierazi dute, besteak beste.

Aipamen berezia
Gehiago ere izan dira, edonola ere.«Hiria musikaz gainezka egon da sei egunez, eta kontzertuetan jai giroa, ospakizun giroa eta berrelkartzeak nagusitu dira», adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, aipamen berezia egin diote gaztetxoei eskainitako saioei: «Txikijazz indartsu itzuli da, agertokiak eta ikusleak bikoiztuz eta haurrentzako tailerrak berreskuratuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.