TUNISIA

Erreferenduma irabazita, Tunisia «fase berri batean» sartu da, Saied presidentearen esanetan

%92,3k konstituzioa erreformatzearen alde bozkatu du. Parte hartzea txikia izan da, %27,5ekoa. Testu berriak  eskumen gehiago ematen dizkio estatuburuari.

Hautesleku bat, atzo, Tunis hiriburuan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 26a
14:05
Entzun

Konstituzioa aldatzeko erreferendum bat egin zuten, atzo, Tunisian, eta, behin-behineko emaitza ofizialen arabera, %92,3k erreformatzearen alde bozkatu dute. Parte hartzea txikia izan da, %27,5ekoa, baina galdeketaren hauspotzaileak, Kais Saied presidenteak, ez zuen ezarri gutxieneko parte hartze bat egotea emaitza onartua izateko baldintza gisa. Proposatutako testuak eskumen gehiago ematen dizkio estatuburuari, eta Saiedek berak nabarmendu du, gaur, Tunisia «fase berri batean» sartu dela. Oposizioak salatu du, bestalde, emaitza ez dela «legitimoa» parte hartzea txikia izan delako, eta prozesua «iruzurrezkoa» izan dela.

2011ko Udaberri Arabiarraz geroztik Tunisian egindako hauteskunde prozesu guztietako parte hartzerik txikiena eduki du konstituzioa erreformatzeko erreferendumak. 8,9 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera, eta 2,5 milioik ere ez dute bozkatu. Albiste agentzien arabera, hauteslekuetan ez zen jende ilararik egon. Saiedek adierazi du, ordea, «jendetzak» izan zirela hauteslekuetan, eta parte hartzea handiagoa izango zela erreferenduma bi egunetan egin izan balitz.

Oposizioko alderdi nagusiek boikoterako deia egin zuten, iruditzen zaielako kontra bozkatzeak ere zilegitasuna emango liokeela galdeketari. Gainera, oposizioko talde gehienek salatu dute Saiedek proposatutako testuak «neurrigabeko boterea» ematen diola estatuburuari. Testu berriak jasotzen du, esate baterako, presidentea izango litzatekeela armadako burua, gobernua aukeratu ahal izango lukeela parlamentuaren onespena gorabehera, eta, gainera, ia ezinezkoa izango litzateke hura kargugabetzea. Lege proiektuak ere aurkeztu ahal izango lituzke parlamentuan, eta ganberak horiei eman beharko lieke lehentasuna.

Azken urtean estatuko botere guztien jabe izan da Saied. Izan ere, iazko uztailaren 25ean, «bake soziala» berreskuratu nahi izatea argudiatuta, parlamentua desegin zuen, eta salbuespen egoera ezarri.

Gaur egun, 2014ko konstituzioa dago indarrean. 2011ko iraultzak ahalbidetu zuen Zine el-Abidine ben Ali presidentea kargugabetzea, eta harenostean adostu zuten testu berri bat egitea. Saiedek ohartarazi izan du bere asmoa dela Ben Aliren kargugabetzearekin hasitako «bide iraultzailea» amaitzea. Gaur esan du, izenik eman gabe, «aberriaren aurka» delituak egin dituztenek horien kontu eman beharko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.