KATALUNIA

Borras: «Hilda ikusi nahi nautenek hil egin beharko naute, eta zikindu egin beharko dute»

Prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea egotzita epaituko dutenez, Kataluniako Parlamentuko presidentea kargutik kentzearen alde bozkatzekoak dira ERC, PSC eta CUP, bihar, legebiltzarreko mahaian.

Laura Borras, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 27a
13:40
Entzun

Prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea egotzita epaituko dute Laura Borras, Kataluniako Parlamentuko presidentea. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo eman zuen erabakiaren berri, JxCko liderrak auzibideari jarritako helegiteak baztertuta. ERC Esquerra Republicanak, PSCk eta CUPek jakinarazi dute ez dutela babestuko, eta, horrenbestez, Kataluniako Parlamentuko arautegiko 25.4 artikulua aplikatuz, Borras kargua galtzeko bidean da. Ganberako mahaia ezohiko bilera bat egitekoa da bihar (12:00), eta JxCko presidentea kargutik kendu ala ez bozkatzekoa. Borrasek nabarmendu du, baina, «jazarpen politikoaren biktima» dela, eta ohartarazpen bat egin die, Twitterreko bere kontuaren bidez, kargua kendu nahi diotenei: «Hilda ikusi nahi nautenek hil egin beharko naute, eta zikindu egin beharko dute».

25.4 artikuluak dio «ustelkeria kasuetan» eta epaiketa hasteko autoa irmoa denean Mahaiak, automatikoki, bertan behera utziko dituela parlamentariaren eskubideak eta betebeharrak. Kargugabetzen badute, Borrasi ez liokete kenduko diputatu akta, baina ezingo lituzke baliatu diputatu izateari dagozkion eskubideak, ez horri dagozkion betebeharrak bete; hau da, ezingo luke ez ganberako presidente izan, ez bozkatu, ez osoko bilkuretan parte hartu, ez batzordeetan, eta ez luke soldatarik kobratuko.

ERCk eta PSCk bina ordezkari dituzte Mahaian, eta adierazi dute kontra bozkatuko dutela. CUPekoak ere bai. JxCk ere bi ditu, baina Borrasek ezingo luke bozkatu. Beraz, espero da bozketan bost ordezkarik egitea Borrasen kontra, eta bakarrak alde. Ikusteko dago nork ordezkatuko duen kargutik kantzen badute; ganberako arautegiaren 40. artikuluan zehaztua dago zein diren Mahaiko presidenteordeen eginkizunak, eta, haren arabera, parlamentuko presidentea falta bada Mahaiko lehen presidenteordeak ordezkatuko du; oraingo honetan, Alba Vergesek. ERCkoa da, eta errepublikanoek eta JxCkoek legegintzaldi honetarako egindako gobernu akordioak dio Generalitateko presidentea ERCkoa izango dela eta Parlamentukoa JxCkoa. Azkenean Borras kentzen badute, gobernu akordioan jasotakoa betetzeko akordio politiko bat egin beharko luke Mahaiak.

Borrasi leporatzen diote, hain justu, ILC Letra Katalanen Instituzioko presidente zela kontratuak zatitu izana, hartara kontratu txikiagoak egin eta lehiaketa publikorik gabe adjudikatu ahal izateko. 2013tik 2018ra izan zen erakunde publiko horretako burua, eta Kataluniako Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eta 21 hilabeteko inhabilitazioa eskatu du harentzat.

JxCren jarrera

ERCk ez dauka zalantzarik. «Ustelkeriarekin zerikusia duten delituak dira», adierazi zuen atzo Marta Vilalta bozeramaile eta idazkari nagusiaren ondokoak. Borrasen ustez, Mahaian bozkatu aurretik, aukera badago Diputatuaren Estatutuaren Batzordeari ebazpen bat eskatzeko auziari buruz. Vilaltarentzat, ez dago horren «beharrik». CUPek ere ez du «dudarik», Laia Estrada parlamentariaren arabera. Bi indar subiranistek Borrasi eskatu diote bere kabuz erabaki dezala kargua uztea. PSCren talde parlamentarioaren eledun Alicia Romerok atzo nabarmendu zuen «errugabetasun presuntzioa» errespetatzen duela, baina Salvador Illa alderdiaren buruak Borrasi eskatu diola kargua utz dezala, «instituzioari kalterik ez egiteko».

JxCk ohar bat plazaratu zuen atzo, eta «arrakalarik gabeko babesa» eman Borrasi. Beste indar independentistei, berriz, eskatu zien ez daitezela erori «estatuaren tranpan», uste baitu Madrilek «bananduta eta elkarren kontra» nahi dituela alderdi subiranistak. Halere, Efe berri agentziak JxCko iturriak aipatuz kaleratu duenez, alderdiko zenbait kide «nabarmenek» iradoki diote Borrasi bere kabuz uko egin diezaiola karguari, Mahaiaren erabakiaren zain egon gabe. Borrasen aldeko manifestazio batera deitu du JxCk gaurko (11:30), Parlamentuaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.