Katalunia

Fiskaltzak sei urteko zigorra eskatu du Kataluniako Parlamentuko presidentearentzat

ILC Letra Katalanen Instituzioko zuzendari zela lehiaketa publikorik egin gabe hemezortzi kontratu lagun bati adjudikatzea egozten diote Laura Borrasi. Espetxe zigorraz gain, 21 hilabetez inhabilitatzeko ere eskatu du Kataluniako Fiskaltzak.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidentea. ANDREU DALMAU / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 14a
12:53
Entzun

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztutako idatzian, sei urteko kartzela zigorra eta 21 hilabeteko inhabilitazioa eskatu du Kataluniako Fiskaltzak parlamentuko presidente Laura Borrasen aurka. Prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatzen diote; zehazki, ILC Letra Katalanen Instituzioko zuzendari zela kontratuak zatitzea, halako kontratu txikiagoak egin eta lehiaketa publikorik gabe adjudikatu ahal izateko. Borrasek 144.000 euroko isuna ordain dezala ere eskatu dute Assumpta Pujol eta Teresa Duerto fiskalek.

Denera, Fiskaltzaren akusazioaren arabera, 300.000 euroko balioa zuten hemezortzi kontratu adjudikatu zizkion Borrasek Isaias Herrero informatikariari 2013ko martxotik 2017ko otsailera artean. Pujol eta Duerto fiskalen arabera, legez kanpo eman zituen kontratu horiek Borrasek, Bartzelonako Unibertsitatean aritu zen garaitik ezagutzen zuelako.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean prozesatu zuen Borras, eta, Fiskaltzak azaldutakoez gain, beste bi delitu ere aipatu zituzten: iruzurra eta dirua bidegabe erabiltzea. Bi horiek baztertu egin ditu orain Fiskaltzak, eta prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea soilik leporatu diote.

Dimititzeko asmorik ez

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak haren aurkako auzibidea zabaldu ondoren, dimititzeko asmorik ez zuela adierazi du Borrasek azken egunetan. Orain ikusgai dago zer etorkizun izango duen, baina alderdiko kideek babesa agertu diote orain arte. Juntseko idazkari nagusi Jordi Turullek, esaterako, «babes osoa» agertu dio Borrasi, eta esan du «justizia itxura duena» dela «injustiziarik okerrena». ERCko eta CUPek kideek, aldiz, zalantza gehiago agertu dute, eta aditzera eman dute hobe lukeela pauso bat atzera ematea.

Beste bi auzipetu

Borrasi ez ezik, Herrerori ere egotzi diote prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea, kontratu horien onuradun izateagatik. Haren aurka ere sei urteko espetxe zigorra, 21 hilabeteko inhabilitazioa eta 72.000 euroko isuna eskatu dute. Hirugarren auzipetu baten aurkako akusazioa ere egin du Fiskaltzak, Herrerori aurrekontuak eta fakturak prestatzen laguntzeagatik.

2021eko martxoan hautatu zuten Borras Kataluniako Parlamentuko presidente, JxCk proposatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.