Hezkuntza

Unibertsitateko sarbiderako azterketa berriaren dekretua urte bukaerarako nahi du Espainiak

«Heldutasun proba bat» jarri nahi du hautaproban, ikasleen «analisi eta balorazio» gaitasuna aztertzeko. Hiru ikasturtean zehar ezarriko luke.

Gazte talde bat unibertsitatean sartzeko hautaprobetan. ARITZ LOIOLA
Isabel Jaurena - Mikel P. Ansa
2022ko uztailaren 28a
12:43
Entzun

Unibertsitatera sartzeko bidea erreformatzeko eztabaidari bultzada eman dio Espainiako Gobernuak aste honetan: autonomia erkidegoetako Hezkuntza buruekin bilera egin zuen atzo, asteazkenarekin, Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak, eta unibertsitateko errektoreen kontseiluari ere aurkeztu dio proposamena.

Autonomia erkidegoek irail bukaera arte izango dute proposamen horri zuzenketak aurkezteko, eta urrian lantaldeak osatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, dekretua zehazteko. Hezkuntza Ministerioaren arabera, urte bukaeran onartu nahiko lukete dekretua, azterketa berria hurrengo ikasturtean indarrean jartzeko.

Gobernuak ez du erraza izango proposamena aurrera ateratzea, PPren esku dauden erkidego batzuek dagoeneko kritikatu baitute —Galiziak eta Madrilek, esaterako—. Hezkuntza Ministerioak, baina, adierazi du orain «elkarrizketaren garaia» dela, eta erkidegoen zein hezkuntza eragileen ekarpenekin ondu eta adostu nahi duela proposamena.

Eusko Jaurlaritzak berak ere kezka agertu zuen atzo, bileraren ostean: Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari iruditzen zaio presa handiz ari dela gobernua, eta Jaurlaritzaren eskumenak urra ditzakeela. Irailean batxilergoko curriculuma martxan jarri behar dela aintzat hartuta, ikastetxeei denbora faltako zaiela iruditzen zaio, eta, gainera, «homogeneizazio» asmo bat ikusten du proposamenaren atzean. Hezkuntza Ministerioak hitzez hitz aipatu du «estatuko lurralde guztietan parekagarria» izan behar duela hautaprobak.

2023an hasita, hiru urte ezartzeko

Espainiako Gobernuak hiru ikasturte hartu nahi ditu erreforma indarrean jartzeko, heldu den urtean hasita. Unibertsitatean ikasketak egiteko, sarbide proba bat egin behar da orain, eta azken kalifikazioan %40 balio du; ikaslearen espedienteak, berriz, %60. 2023-2024ko ikasturtean ere hala izango da, eta hautaproba berria ezarri ondoren ere bai.

Behin betiko hautaproba ezarri arte —gobernuak 2026-2027ko ikasturtean bukatu nahiko luke prozesua—, sarbideko probak lau ariketa izanen lituzke, eta bakoitzak %25 balioko luke. Lehenbizikoa, ikasleek berek hautatutako modalitate baten azterketa izanen litzateke. Bigarrena eta hirugarrena, derrigorrezko bi ikasgairen azterketek osatuko lukete: Filosofiaren Historia eta Espainiako Historia. Laugarrena, berriz, heldutasunaren proba izanen litzateke. Horretan, ikaslearen «analisi eta balorazio» gaitasuna aztertu nahi dute. Horretarako, dosier bat izanen dute ikasleek, gai beraren inguruko dokumentuz osatutakoa. Ikasleek informazio hori aztertu beharko dute, hainbat motatako galderak erantzunez. Galderok gaztelaniaz, ikasle bakoitzak hautatutako atzerriko hizkuntzan eta eskualde bakoitzeko hizkuntza koofizialean egonen dira.

Hiru urtez hala jardungo lukete, eta trantsizio fasearen ondoren —2026-2027ko ikasturtetik aurrera—, «heldutasun probak» %75 balioko luke, derrigorrezko ikasgaien azterketen balioa bereganatuko bailuke. Ikasleak hautatutako modalitatearen azterketak %25 balioko luke.

Sarbide probaz aparte, unibertsitateek hautaketa probak egin ahalko dituzte, baina Madrilek ez du argitu unibertsitate guztiek egin beharko ote dituzte. Ezarriko balira, ikaslearen notari gehituko litzaizkioke hautaproba horretako emaitzak —gehienez ere lau puntu—. Batxilergoko zenbait ikasgairen artean aukeratu ahalko luke ikasleak, horien inguruko azterketak egiteko. Trantsizio fasearen ondoren berdin jarraituko luke hautaketa proba horrek.

Hezkuntza Ministerioak azaldu du curriculuma lantzeko, eta irakasteko eta ikasteko metodologia berriei erantzun nahi diela azterketa eredu berriak. Ikasleak ebaluatzeko modu berriak lantzeko asmoari ere erantzuten dio proposamenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.