Albistea entzun

KATALUNIA

«Gerra zikinaren konplize» izatea egotzi dio Borrasek Mahaiari

Prebarikazioa egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzita epaituko dutenez, legebiltzarreko Mahaiak Kataluniako Parlamentuko presidente kargutik kendu du Laura Borras (JxC), ERCren, PSCren eta CUPen aldeko botoekin. Alba Vergesek (ERC) ordezkatuko du, behin-behinean.

Laura Borras, gaur, berari babesa adierazteko manifestazioan parte hartu dutenak agurtzen, Parlamentuaren parean.
Laura Borras, gaur, berari babesa adierazteko manifestazioan parte hartu dutenak agurtzen, Parlamentuaren parean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko uztailak 28 10:02

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak Laura Borras legebiltzarreko presidentea kargugabetu du, ganberako arautegiaren 25.4 artikulua aplikatuz. Horren arabera, «ustelkeria kasuetan» eta epaiketa hasteko autoa irmoa denean Mahaiak, automatikoki, bertan behera utziko ditu parlamentariaren eskubideak eta betebeharrak. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen, herenegun, Borrasen aurkako ahozko epaiketa hasiko duela, prebarikazioa egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzita. Artikulu horrek zehaztutakoa kontuan hartuta, bozketa egin dute gaur eguerdian Mahaian, eta, iragarri bezala, ERC Esquerra Republicanako, PSCko eta CUPeko ordezkariek JxC Junts Per Catalunyako liderra kargugabetzearen alde egin dute. Bost boto. JxCk bi ordezkari ditu organo horretan, baina bakarrak bozkatu ahal izan du erabakiaren kontra, Borrasek, kasu honetan, ezin izan baitu bozkatu. Boto bakarra. Arautegiak jasotakoa aintzat hartuta, Mahaiko lehen presidenteordeak ordezkatuko du, Alba Vergesek (ERC).

Bozketaren ondoren, agerraldia egin du Borrasek, eta «gerra zikinaren alde» egin dutenen «konplize» izatea aurpegiratu die ERCri, PSCri eta CUPi. «Gaur ez dira diputatu jantzian etorri, epaile hipokrita jantzian etorri dira gaur, ni politikatik kanporatzeko». Etsaiaren zigor zuzenbidea kontzeptuari erreferentzia eginez, nabarmendu du «etsaiaren arautegia» aplikatu dutela. Bide batez, 25.4 artikulua kritikatu du, iritzita «doilorra» dela, giza eskubideak urratzen dituela eta juridikoki segurtasunik eza eragiten duela.

Marta Vilalta ERCko bozeramaileak erantzun dio proiektu independentistak ez duela «aurrera» egingo «ustelkeriaren» aurrean «toleranteak» badira. Jakinarazi du, bide batez, Mahaian aldaketak egiteko prest daudela, modu horretan, JxCk jarrai dezan edukitzen legebiltzarreko presidentetza. Carles Riera CUPeko parlamentari eta Mahaiko kideak ere erantzun dio Borrasi, eta nabarmendu du «errepresioari» aurre egiten zaiola «gardentasunarekin» eta «eredugarria» izanez.

Ikusteko dago erabakiak nola eragingo dion ERCren eta JxCren arteko koalizio gobernuari. Bi indar subiranisten arteko harremanak inoiz ez dira onak izan, eta, iazko otsailean Parlamenturako egindako hauteskundeen ondoren, kostata egin zuten akordio bat elkarrekin gobernatzeko. Azkeneko urte eta erdian ere ohikoak izan dira bien arteko tirabira publikoak, izan kontu sozial edo ekonomikoengatik, izan prozesu subiranista bideratzeko moduagatik; finean, espazio subiranistaren hegemoniarengatik. Quim Torra 2018ko maiatzetik 2020ko irailera Generalitateko presidentea izan zena Borrasen gertukoa da, eta, Mahaiak hartutako erabakiaren harira, adierazi du JxCk gobernutik ateratzeari buruz «hausnartu» beharko lukeela. «JxCren militante batek ez luke ulertuko bere alderdiak erabaki jakin bat ez hartzea».

Diputatu akta izango du

Mahaiaren bilera 12:15ean hasi da, eta lehenago, 11:30 aldera, Borrasen aldeko talde batek manifestazio bat egin du Parlamentuaren egoitzaren aurrean. JxCk mobilizazioa babestu du, eta Borras bera manifestariak agurtzera jaitsi da. 200 bat bildu dira, eta tartean zen Torra. JxCk Borrasen alde egin du auzibidea hasi zenetik, eta herenegun, auziaz hitz egiteko zuzendaritzaren bileran, ohar bat adostu eta plazaratu zuen, alderdiaren presidenteari «arrakalarik gabeko babesa» emateko. Halere, zenbait hedabidek indar subiranistaren iturriak aipatuta kaleratutako informazioaren arabera, kide «nabarmen» batzuek iradoki diote azken orduetan kargua utz dezala.

Errugabea dela defendatzen du Borrasek; iruditzen zaio Madrilen «jazarpen politikaren biktima» dela, eta gaur azpimarratu nahi izan du bere kabuz ez diola karguari uko egingo eta «behartuko» duela «behin-behinekotasun» egoera bat. Behin-behinean kargugabetu dute, haren kontrako auzibidean epai bat egon arte, baina ez diote kenduko diputatu akta. Hori bai, ezingo ditu baliatu diputatu izateari dagozkion eskubideak, ez horri dagozkion betebeharrak bete; hau da, ezingo du ez ganberako presidente izan, ez bozkatu, ez osoko bilkuretan parte hartu, ez batzordeetan, eta ez du soldatarik kobratuko.

Sei urteko zigor eskaera

Kataluniako Auzitegi Nagusiak leporatzen dio Borrasi ILC Letra Katalanen Instituzioko presidente zenean (2013-2018) kontratuak zatitu izana, modu horretan kontratu txikiagoak egin eta lehiaketa publikorik gabe adjudikatu ahal izateko. Hori dela eta, Kataluniako Fiskaltzak sei urteko kartzela kartzela zigorra eta 21 hilabeteko inhabilitazioa eskatu du harentzat.

Parlamentuko presidentea izan baino lehen, 2018ko ekainetik 2019ko martxora, Generalitateko Kultura kontseilaria izan zen Borras. Gainera, 2019ko martxotik iazko martxora, JxCren bozeramailea izan zen Espainiako Kongresuan. Joan den ekainetik da convergent-en espazio berriko presidentea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. ©VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Gorka Berasategi Otamendi

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako

 ©JOAN CABASES

«Okupazio baten mende luzaro egonez gero, gorrotoa pizten zaizu»

Joan Cabases

Israelen sorrera ahalbidetu zuen gobernuan egon zen Barag. Ondoren, ordea, irauli egin zuen bere bizimodua eta palestinarrei laguntzen hasi zen. 22 urte daramatza horretan, eta argi du «indarkeria eta mendekuak» ez dutela bakerik eramango Ekialde Hurbilera.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. ©@JordanHallWX

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Gorka Berasategi Otamendi

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Rahul Gandhiren aldeko protesta isila, atzo, Mumbain. ©DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egiteagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu dute, eta parlamentuko behe ganberatik bota

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.