Albistea entzun

Migrazioak

Hamazortzi migrantek ontziz gurutzatu dute Bidasoa, pertsonen zirkulazio askea eskatzeko

Patatxa motako ontzia erabili dute, itsasoarekin loturiko hainbat elkarterekin elkarlanean. Bi pertsona hil dira aurten Gipuzkoatik Lapurdira Bidasoa gurutzatu nahian, Frantziako Poliziak jarritako kontrolak direla eta

Jone Arruabarrena - Alaine Aranburu -

2022ko uztailak 29

Pertsonen zirkulazio askea aldarrikatu dute hamazortzi migrantek, Elkano Itsas Herria ekimenak, Albaolak eta Euskal Itsas Museoak antolatutako ekimen batean. Bidasoa ibaia zeharkatu dute Juanita Larando patatxa motako ontzian, Irundik (Gipuzkoa), Hendaiara (Lapurdi)

Santiago zubiaren azpitik pasa dira etorkinak. Zubiaren gainean ditu kontrolak jarrita Frantziako Poliziak.

Ondoren, Txingudiko badiatik Hendaiarantz joan dira.

Hendaian jende andana zuten zain, eta txalo artean heldu dira. Agurra dantzatu diete.

Elkano Itsas Herriak ekimenak abiaturiko uztaileko ibilbidea amaitzeko erabili dute ekintza. Harekin bat egin dute Emaus Fundazioak, Ndank Ndank elkarteak, SOS Arrazakeriak eta Irungo Harrera Sareak.

Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak hartu ditu eskifaiako kideak, lurreratu direnean. Besteak beste Amets Arzallus bertsolari eta idazleak hartu du parte ongi etorri ekitaldian. Migrante baten odisea deskribatzen duen Miñan liburua idatzi zuen Ibrahima Balderekin batera.

Elkano Itsas Herriak ibilbidea egiten ari da euskal Herriko kostaldean, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko 25 herritan geldialdiak egiten ari da. Hendaian geratuko da igandera arte, hango Itsas Bestan parte hartzeko. Irailean jarraituko du ibilbidea

Frantziako Poliziak Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian kontrolak ezarri zituenetik tragedia leku bihurtu da Bidasoa. Ekainean, Abderrman Bas, 25 urteko ginearraren gorpua topatu zuten uretan. Maiatzean, Lanzarotera (Kanaria uharteak) iristea lortu zuen, itsasoa zeharkatuta, gero Bidasoan itota hiltzeko.

Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea izan zen Bas. Martxoaren 12an Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela jakinarazi zuten. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza. Ondoren, apirilaren amaieran ere beste baten bila ibili ziren, Endarlatsa inguruan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak martxoan gogoratu zuen azken hilabeteetan lau migratzaile hil zirela Bidasoan itota, beste batek bere buruaz beste egin zuela Irunen, eta beste hiru hil zirela Ziburun trenak harrapatuta.

Ndank Ndank elkarteko Abdoulaye Gueyek mugan dagoen kontrol arrazistak eta hori pasa nahian hil direnak eta gero edonork duela kausan inplikatzeko arrazoiak azaldu du, gaurko ekintzaren harira. «Edozein pertsona mugi behar litzateke hemen gertatzen denagatik: bizitza arriskatu behar dute migratzeko hemen eta asko hil egin dira. Oso larria da hori eta jendeari dirudi ez zaiola axola. Onargarria eta normala dela dirudi».

Nor den heriotza horien erantzule galdetu du Guayek. Arazo honi aurre egiteko soluzioak badaudela eta nahi direnenean aplikatzen direla azaldu du, ukrainar errefuxiatuei azkar ireki zitzaiela ateak azalduz: «Hori ongi dago eta denek giza eskubide berdinak eduki behar genituzke».

Agintari politikoek zein gobernuz kanpoko erakundeek hainbatetan salatu dute Parisen erabakiak Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan sortu duen egoera.

Kontrol arrazistak

«Ezin gara drama honetara ohitu», esan zuen Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) ekainean, Basen heriotzaren harira, eta mugako kontrolak «birplanteatzeko» eskatu zuen: «Ezin ditugu hainbeste gazte galdu ibaian, tantaka. Europan migrazio politika komunak ezarri behar dira, halako egoerak saihesteko».

Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu zituen, eta migratzaileentzako «bide seguruak» eskatu zituen.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak gogor salatu zituen mugako kontrolak, eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Parisi exiji diezaiola kontrolak bertan behera uzteko.

Frantziako Poliziaren kontrolak arrazistak direla erakusteko, esperimentua egin zuen Ehun mugimenduak martxoan, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiagoko zubian. Mutil gazte zuri bat bidali zuten zubia oinez igarotzera, eta, arazorik gabe gurutzatu ostean, berriz bidali zuten mutil bera, baina aurpegia beltzez margotuta. Emaitza, espero zutena: bigarren aldian, poliziek gelditu eta identifikatu egin zuten. Bideoan hartu zuten esperimentua.

Ekainean, beste ekintza bat egin zuen Ehunek: zenbait migratzaileri muga zeharkatzen lagundu zieten hainbat lagunek, mozorrotuta eginiko kalejira baten bidez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader, atzo egin zuten agerraldian, Onkologikoaren aurrean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arta «integralaren» eskean

Arantxa Iraola

Onkologikoko pazienteek eratutako elkarte bat plazara atera da; kezkatuta daude zentroan gaixoen arretak izan duen «bilakaeraz». Manifestazio bat egingo dute langileekin batera, hilaren 15ean
Euskararen Egunaren harira Elgoibarren 2015ean eginiko egitasmo bat. ©BARREN.EUS

Aterki bat euskaltzaletasunari

Julen Aperribai

Euskara elkarteen baturatik sortu bazen ere, mugimendu izaera hartu zuen Euskaltzaleen Topaguneak 2012an. 25. urteurrena ospatuko du gaur Donostian, gaurko erronketan begia jarrita

45 minututik bost ordura

A. Iraola

Olatz Mercaderrek berriki jaso du arta Onkologikoan; ama 2012an zendu zitzaion, han arta jasota. Alde argiak ikusi ditu, pazienteen arreta egokiaren kalterako.
Emun kooperatibaren 25. urteurrenaren ekitaldia, atzo, Arrasaten. ©JON URBE / FOKU

Emun, 25 urte eraldaketan

Irati Urdalleta Lete

Emun kooperatibak 25. urteurreneko ekitaldia egin du Arrasaten. Eraldaketaren beharraz aritu dira, eta hura bizi edo eragin duten zenbait pertsonaren esperientziak bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...