Kosovo-Serbia

Kosovok hilabete atzeratu ditu Serbiako mugan tentsioa handitu duten neurriak

Gobernuak erabaki du irailaren 1ean sartuko dela indarrean auto matrikulak eta nortasun agiriak kosovar bilakatzeko legea. Herrialdearen iparraldean jarritako barrikadak kentzeko eskatu du.

Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa, iragan maiatzean, Alemanian. FILIP SINGER / EFE
ander perez zala
2022ko abuztuaren 1a
11:51
Entzun

Kosovon gaur zen indarrean sartzekoa auto matrikula eta nortasun agiri guztiak kosovar bilakatzeko legea, baina, horrek atzo Serbiako mugan eragin zuen gatazka dela eta, gobernuak erabaki du hilabete itxarotea indarrean ezartzeko. «[Albin] Kurti lehen ministroak, [Vjosa] Osmani presidentearekin batera, bilkurak eta harremanak izan ditu Europako eta [Ameriketako Estatu Batuetako] AEBetako faktoreekin. Oraingoan, Kosovoko Gobernuak konpromisoa hartu du 2022ko irailaren 1era geroratzeko bi erabakien inplementazioa», jakinarazi du presidentetzak, ohar baten bidez.

Atzo gauean, protesta gisara, manifestariek kamioiak utzi zituzten mugako bi pasabideetara —Jarinjera eta Brnjakera— daramaten errepideetan; horren ondorioz, Kosovoko Poliziak esan zuen igarobideak itxi behar izan zituela, eta erabaki horrek are gehiago handitu zuen tentsioa. Segurtasun indarrek esan zuten «tiroak» izan zirela, baina ez zutela inor zauritu.

Kosovo iparraldean serbiarrak dira gehiengo, eta ez dituzte begi onez ikusi gaur indarrean sartzekoak ziren neurriak. Horien arabera, Kosovon dauden herritar guztien auto matrikulek eta nortasun agiriek kosovarrak izan behar dute, eta, beraz, horrek Serbiatik sartzen diren eta Kosovon bizi diren serbiarrei ere eragiten die —Belgradek antzeko lege bat du indarrean muga pasatzen duten kosovarrentzat—.

Pristinak esandakoaren arabera, serbiarrek bi hilabeteko «trantsizio epe bat» izango dute Kosovoko auto matrikulak lortzeko. Hori bai, bi baldintza jarri ditu gaur jakinarazitako atzerapena indarrean sartzeko, Xhelal Sveçla Barne ministroak zehaztu duenez: Serbiako mugan ezarritako barrikadak kentzea, eta, horrekin batera, «erabateko» mugimendu askatasuna berreskuratzea «errepide guztietan».

Josep Borrell EB Europako Batasunaren diplomaziaburuak «pozez» hartu du Kosovoko Gobernuaren erabakia, eta Pristinari eta Belgradi eskatu die auzi hori EBk ahalbideturiko elkarrizketa mahaian lantzeko.

Egoera, halere, oso zaila da oraintxe. Aleksandar Vucic Serbiako presidentea gogor mintzatu zen atzo gauean, eta adierazi zuen bere herrialdea ez dela «inoiz hain egoera konplexu eta zailean egon» Kosovorekiko. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR Kosovo Indarrak ere ohar bat argitaratu zuen egoeraz mintzo, eta esan zuen «esku hartzeko prest» dagoela herrialdearen «egonkortasuna arriskuan» balego: «Beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu Kosovon inguru seguru bat une oro mantentzeko».

KFOR 1999tik dago Kosovon, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren aginduz, eta 3.775 soldaduk osatzen dute; gehienak Italiakoak (638), AEBetakoak (635) eta Hungariakoak dira (469).

Serbiaren aliatu den Errusiak, berriz, atzo gauean adierazi zuen Kosovoko Gobernuaren neurriak «baztertzaileak» direla, eta Pristinari egotzi zion «jokaleku biolento bat sortzea»; hala, «probokazioak gelditzera» eta «Kosovoko serbiarren eskubideak errespetatzera» deitu zituen AEBak eta EB.

Iragan urtean ere bai

Joan den irailean antzeko tentsioa izan zen Kosovoren eta Serbiaren arteko mugan, auto matrikulen afera zela-eta, eta bi gobernuek behin-behinean bideratu zuten egoera, adostu baitzuten polizia indarrak Jarinjeko eta Brnjakeko pasabideetatik erretiratzea; KFORek hartu zuen mugako kontrola, bi asterako.

Gainera, Bruselak hauspotutako elkarrizketa esparruan elkartzen jarraitzea erabaki zuten, eta urte erdiko epean zirkulazioaren auziari behin betiko irtenbide bat ematea jarri zuten helburutzat. Ez zuten halakorik lortu.

Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia, baina Serbiak ez zuen aitortu erabaki hori, ezta nazioarteko hainbat estatu eta erakundek ere; tartean, Txina, Errusia, NBE eta Espainia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.