Gorroto delituak

Jaurlaritzak gida bat aurkeztu du gorroto arrazistari, xenofoboari, LGTBIfobikoari eta ijitoen aurkakoari aurre egiteko

Gidak biktima beti erdigunean ipintzea, autonomiaren errespetua, konfidentzialtasuna eta azkartasuna nabarmentzen ditu.

Beatriz Artolabal, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko abuztuaren 1a
12:48
Entzun

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu du gaur, eta azaldu du helburua dela «erantzunak ematea tamaina, baliabide edo biztanleriari dagokionez errealitate oso desberdinak dituzten udalerriei». Esan duenez, testuinguru legal «konplexu» baten esparruan dagoenez, dokumentu «bizia» izango da, eta eguneratzeko asmoa agertu du eragile instituzional eta sozialekin berrikusi eta kontrastatu ahala.

Biltzen Kulturen Arteko Integrazio eta Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak prestatu du dokumentua, eta Artolazabalek adierazi du batez ere udalentzat egin dutela: «Udal bakoitzaren egitekoa izango da, egoki iritziz gero, gidaren edukia edo haren zati bat bere errealitatera egokitzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute».

Biktima beti erdigunean ipintzea, haren autonomiaren errespetua zaintzea, konfidentzialtasuna eta azkartasuna dira gidak nabarmentzen dituen gakoetako batzuk.

Mehatxuak eta eraso fisikoak

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek aniztasunaren eta diskriminazioaren inguruan dauzkaten pertzepzioak eta jarrerak jaso zituen Neurtu 2021 txostenean. Bertako datuen arabera, herritarren %42,5ek adierazi dute LGTBI pertsonen kontrako irainak entzun edo ikusi dituela; %17,9k, mehatxuen berri izan duela, eta %13,5ek, eraso fisikoen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.