Euskal presoak

Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek auto istripua izan du Roazhongo espetxera bidean

Uztailaren 17an izan zuen istripua, A-83 errepidean. Gau bat egin zuen ospitalean.

Autoa, istripuaren ostean. ETXERAT
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 1a
14:40
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek auto istripua izan zuen uztailaren 17an, Roazhongo espetxera (Rennes, Bretainia) bidean. Anbulantzian eraman zuten ospitalera, eta gau bat igaro zuen han. Presoen senide edo lagun batek aurten izandako lehen istripua da.

A-83 errepidean gertatu zen istripua, Sainte Hermine (Frantzia) herritik gertu. Etxerat-en arabera, bata bestearen atzetik zihoazen bi kamioi aurreratzen saiatu zen laguna, baina horietako bat bestea aurreratzen hasi zen, «argiak eman gabe». Autoak kamioiaren atzeko aldearen aurka jo zuen. «Autoa biraka hasi zen, zirkuluak eginez, errepide alboan geratu arte», azaldu du elkarteak, eta gehitu kamioilariak alde egin zuela, geratu gabe.

Etxerat-ek gogoratu du iaz lau istripu izan zituztela euskal presoen senide eta lagunek, Soriako, Leongo, Villabonako eta Logroñoko kartzeletara egindako joan-etorrietan (Espainia). Egun, hamazazpi preso daude Frantziako Gobernuaren menpeko espetxeetan, eta horietatik hiru iparraldeko kartzeletan; Moreno Roazhonen (795 kilometrora) eta Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal Reaun (925 kilometrora). Era berean, Espainiako espetxeetan 65 preso daude.

Etxerat-ek salatu du Espainiako eta Frantziako gobernuek salbuespeneko espetxe politikari eusten diotela oraindik: «Rennesera egindako bidaia honetan gertatutakoak agerian uzten du salbuespen politika horrek senideak eta gertukoak ere arriskuan jartzen jarraitzen duela». Elkarteak eskatu du salbuespen politika behin betiko amaiarazteko, eta, hala, euskal gizartea ez kondenatzeko «bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.