Tximino baztanga

Tximino baztangaren kontrako txertoa ematen hasi da Osakidetza

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 141 dosi bakarrik dauzka oraindik, eta biztanleriaren eta kasu kopuruaren arabera egingo du banaketa.

Langile bat Imvanex txertoaren dosi bat prestatzen, Frantzian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Javi West Larrañaga.
2022ko abuztuaren 1a
16:02
Entzun

Tximino baztangaren aurkako txertoak ematen hasi da Osakidetza. Jada harremanetan jartzen ari da txertaketa gomendioetan jasotako irizpideak betetzen dituztenekin. Efe berri agentziaren arabera, oraingoz, «arrisku handiko sexu praktikak dauzkaten» 18 eta 45 urte arteko pertsonentzat prestatu dute kanpaina, oraindik gaixotasuna izan ez dutenentzat. Horiez gain, gaixotasun larria izateko aukera daukatenek —haurdun dauden emakumeek, immunodepresioa daukatenek eta umeek— txertoa hartu ahal izango dute, baldin eta kontaktu zuzena izan badira.

Lurraldeen araberako banaketa, berriz, populazio hautagarriaren zenbatekoaren arabera egiten ari dira: 80 Bizkaian (%57), 46 Gipuzkoan (%33) eta hamalau Araban (%10). Gainera, Osasun Sailak adierazi du infekzioa prebenitzeko deia egiten ari dela oraindik ere. Webgunean atal bat zabaldu dute gaixotasunari eta txertaketari buruzko informazioa eskuragarri ipintzeko.

Osasun Sailak adierazi duenez, joan den ostegunera arte 85 kasu antzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denak dira kasu arinak, etxean bakartuta daude, eta urrutiko jarraipena egiten ari zaizkie.

Munduan ere, kasuek gora

Guztira, 18.000 kasu baino gehiago zenbatu dira munduan. Joan den asteazkenean, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiak azaldu zuen kasuen %10ek bakarrik behar izan dutela ospitaleratzea, eta %98 gizonekin sexu harremanak dauzkaten gizonen artean atzeman direla. Gainera, horiei eskatu zien «sexu bikotekideen kopurua» murrizteko eta harremanetarako datuak emateko elkarri, «badaezpada».

OMEren datuen arabera, kasuen %70 Europakoak dira, eta %25 Ameriketakoak. Brasilek larrialdi batzorde bat eratu du kontingentzia plan bat sortzeko, eta San Frantzisko eta New York hiriek (AEB) larrialdi egoera ezarri zuten joan den astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.