Industria

Industria ekoizpena %7,9 igo da lehen sei hilabeteetan

Eustaten datuek joera ona berretsi dute. Energiaren (%13,5) eta ekipamendu ondasunen (%14,6) sektoreek izan dute bilakaerarik onena.

Sidenorrek Basaurin duen altzairutegiko bi langile. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abuztuaren 2a
12:12
Entzun

Urte amaierarako atzeraldi hotsak gero eta ozenagoak diren arren, aurtengo lehen sei hilabeteak oso oparoak izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriarentzat. Eustaten datuen arabera, eta iazko tarte berdinarekin alderatuta, industria ekoizpenak %7,9 egin zuen gora. Joera, gainera, hoberakoa izan da, ekainean bakarrik iaz baino %10,1 ekoitzi zelako, eta datu hori maiatzekoa baino puntu erdi hobea izan zen.

Sektore handi gehienek iazko ekaineko jarduna hobetu dute. Energiarenak —petrolioaren fintzea hor sartuta dago— %24,5eko gorakada izan du, eta ekipamendu ondasunenak, %17,5ekoa. Azken horretan sartzen dira, besteak beste, autogintza, trengintza, ontzigintza eta sektore aeronautikoa. Oro har, arlo guztiek izan dute iaz baino ekain hobea, batek izan ezik: epe luzeko kontsumo ondasunak. Altzarigintza eta etxetresnak batzen dituen sektorea da, eta horien ekoizpenak %7,6 egin zuen behera.

Lurraldekako analisia eginda, alde handia dago batetik bestera. Gipuzkoaren bilakaera %6,9koa izan da, Bizkaikoa %11,4koa, eta Arabakoa %13,9koa. Datu horiek aztertzean, bi aldagai izan behar dira kontuan: batetik, krisi betean ere Gipuzkoako industriak emaitza hobeak izan dituelako eta bilakaera zaila zela, eta, bestetik, iaz ekainean Tubacex greba betean zegoela eta Mercedesek eten luzeak egin zituela, txipen gabeziarengatik. Bi kasu horiek azalduko lukete, besteak beste, Araban izandako igoera handia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.