Yemen

Beste bi hilabetez luzatu dute Yemengo su etena

Menia luzatzeko, hainbat baldintza bete beharko dituzte aldeek; besteak beste, matxino huthien kontrolpean dauden eremuetarako errepideak zabaltzea.

Barne desplazatu talde bat Sana hiriburuan. YAHA ARHAB, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 2a
20:51
Entzun

Apirilean hasi eta ekainera luzatutako su etena amaitu eta 90 minutura iragarri du NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari berezi Hans Grundbergek hura luzatzea adostu dutela. Omanekin batera aritu da Grundberg bitartekari lanetan. Hala, beste bi hilabetez luzatu dute menia, urriaren 2ra arte. Tarte horretan, aldeek bete egin beharko dituzte apirileko akordioan izenpetutako puntuak: besteak beste, matxino huthien kontrolpean dauden eremuetako gobernuko langileei ordaintzea, eta eremu horien arteko errepideak zabaltzea. Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militarrak ere izango du betebeharrik; tartean, matxinoen kontrolpeko portuetara erregai gehiago bidaltzea eta Sana hiribururako hegaldi gehiago baimentzea.

NBEko ordezkari bereziak azaldu duenez, bi aldeak bat etorri dira akordioarekin. Grundberg itxaropentsu agertu da, eta nabarmendu du meniak ahalbidetuko duela nazio mailako su eten bat adostea eta «Yemengo herritarrek zuzendutako prozesu politikoa berriz abian jartzea».

2015ean piztu zen Yemengo gerra, eta, ordutik, ia 400.000 lagun hil ditu. Gainera, 13 milioi pertsona daude gosete larria pairatzeko zorian. Apiriletik abuztua arteko lau hilabeteok izan dira azken zazpi urteotan herritarrek izan duten gatazkarik gabeko eperik luzeena, kontuan izanik aldeek ez dituztela erasoak erabat eten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.