Txina-AEB

Txinako armadak ariketa militarrak hasi ditu Taiwan inguruan

Askapenerako Herri Armada aire eta itsasoko maniobrak egiten ari da sei eremutan. Taipeik erantzun du «gerrarako prestatzen» ari dela, «gerra bilatu» gabe.

ander perez zala
2022ko abuztuaren 4a
12:08
Entzun

Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidentearen bisitaren biharamunean abiatu ditu Txinako armadak azken urteetako ariketa militarrik handienak. PLA Askapenerako Herri Armada aire eta itsasoko maniobrak egiten ari da Taiwan inguruko sei eremutan, eta, besteak beste, bi misil balistiko bota ditu Matsu uharteetatik gertu, Reuters berri agentziaren arabera.

PLA indar erakustaldia egiten ari da, Pelosiren egonaldiagatik, Pekinek argudiatu baitu Taiwanekiko bere subiranotasuna urratu duela AEBetako agintariak. Txinako Global Times egunkariak esan du igandera arte iraungo duten ariketa militar horiek «aurrekaririk gabeak» direla, eta «misil konbentzionalak» Taiwandik pasatuko direla, «lehen aldiz».

Taiwango Defentsa Ministerioak atzo iragarri modura, Txinako armadaren maniobrek aire eta itsaso eremuak ixtea eragin dute sei eremu horietan, eta itsasontzien eta bederatziehun bat hegazkinen ibilbideak aldarazi ditu. Ministerio horrek beste ohar bat atera du argitara gaur, eta esan du «gerrarako prestatzen» ari dela, «gerra bilatu» gabe: «Ez dugu atzera egingo Taiwanen subiranotasunari eta segurtasunari dagokionez».

Tentsioa, hortaz, nabarmen handitu da Taiwango itsasartean. AFP berri agentziaren arabera, PLAko iturri batek adierazi dio egunotako ariketak «egiazko borrokarako prestatzeko» antolatu dituztela, eta uharteko armadari ohartarazi dio «neurri zorrotzak» hartuko lituzketela Txinakoarekin «nahita topo egingo» balu edo «ezustean tiro egingo» balu.

Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela —nahiz eta ez duen haren kontrolik—, eta Xi Jinping Txinako presidenteak esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta gaineratu hori indarkeriaren bidez ere egingo luketela «beharrezkoa balitz». Aldi berean, Pekinek ahalegina egin du uharte hori bakartzeko eta nazioarteak Taiwani edonolako zilegitasunik ematea eragozteko.

Gainera, Pelosiren bisita ez da momenturik egokienean gertatu Txinako Gobernuarentzat. Herrialdeko buruzagiak hilabete honetan dira elkartzekoak urteroko bilera bat egiteko, Beidaihen, eta hor eztabaidatuko dituzte aferarik garrantzitsuenak.

Gainera, udazkenean, Txinako Alderdi Komunistak 20. Kongresua egingo du, eta, horretan, Xik hirugarren agintaldia eskuratu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.