Hiru emakumek ziztadak salatu dituzte Gasteizko jaietako lehen gauean

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Radio Euskadin adierazi du gertakari horiek «guztiz onartezinak» direla. Bilboko Konpartsek eraso sexisten aurkako protokoloan gehituko dituzte ziztadak.

Gasteizko jaietako lehen gaua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko abuztuaren 5a
13:01
Entzun

Hasi besterik ez dira egin Gasteizko jaiak, eta, lehen gauean, hiru emakumek salatu dute zizt egin dietela. Gorka Urtaran alkateak eman du salaketa horien inguruko informazioa gaur goizean, Euskadi Irratian. Gau «nahiko lasaia» izan dela esan du alkateak, baina gehitu du eraso horiek guztiz onartezinak direla: «Europan zabaltzen ari den izurri matxista hau guztiz onartezina da, eta ziztadek emakumeen askatasuna mugatzea eta mehatxatzea dute helburu. Hori dela eta, oso gogorrak izan behar dugu matxito harrapakari horien aurrean». Ziztaden aurkako mobilizazio bat egin zuen Itaiak herenegun, Gasteizen.

Bilboko Konpartsak egoerari aurrea hartzen saiatzen ari dira, eta ziztadak festetako eraso sexisten aurkako protokoloan gehitu dituzte. Idoia Ugalde federazioaren bozeramaileak dio jende guztia arduratuta dagoela ziztaden inguruan, eta horregatik erabaki dute protokoloa berritzea. Eraso sexista formatu berria dela ere esan du Ugaldek. Abuztuaren 16an emango dituzte protokolo berriaren inguruko xehetasun gehiago. Abuztuaren 20tik 28ra izango dira Bilboko jaiak.

Ziztadak, lesio delitu

Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroa TVE1 kateko La hora de La 1 telesailean izan da, eta ziztaden inguruz mintzatu da. Espainian oraingoz hirurogei salaketa ikertzen ari direla dio, eta adierazi du aurrerantzean lesio delitu gisa tratatuko dituztela, genero larrigarriarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.