Gerra Ukrainan

«Biktimak eta erasotzaileak parekatzea» egotzi dio Zelenskik Amnesty Internationali

GKEaren txosten baten arabera, Ukrainako indarrek «arrisku egoeretan» jartzen dituzte zibilak.

Ukrainako bi soldadu, joan den ekainaren 24ean, Kharkiv inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 5a
13:04
Entzun

AI Amnesty Internationalek txosten bat kaleratu zuen atzo, nabarmenduz Ukrainako indarrek «arrisku egoeretan» jartzen dituztela zibilak. Eta gaur goizaldean sare sozialetan zabaldutako diskurtso batean heldu da Volodimir Zelenskiren erantzuna. «Biktimak eta erasotzaileak» parekatzea egotzi dio Ukrainako presidenteak GKE gobernuz kanpoko erakundeari. «Zoritxarrez, estatu terrorista amnistiatzen eta erasotzailearen erantzukizuna biktimari leporatzen ahalegintzen da», nabarmendu du Zelenskik.

Txosten horren arabera, zibilak arriskuan jartzen dituzten borroka taktikak erabiltzen ditu Ukrainako armadak; esaterako, base militarrak jarriz zibilak bizi diren eremuetan, ospitaleetan eta eskoletan. «Taktika horiek nazioarteko giza zuzenbidea urratzen dute, zibilak helburu militar bihurtzen baitira». Agnes Callamard AIko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, salaketen frogak bildu dituzte apiriletik uztailera egindako ikerketa horretan. Horretarako, lekukoen, bizirik atera direnen eta biktimen senideen adierazpenak baliatu dituzte, baita satelite bidezko irudiak ere. «Posizio defentsibo batean egoteak ez du esan nahi Ukrainako indarrek nazioarteko giza zuzenbidea errespetatu behar ez dutenik».

Zelenskiren ustez, baina, «inolaz ere» ezin da justifikatu Errusiak Ukrainari egindako ezein eraso. «Gure estatuaren aurkako erasoa ez da probokatutakoa; zuzenean inbaditzailea eta terrorista da». Ukrainako presidentearen iritziz, ezin da «toleratu» AIren txostena.

Dmitro Kuleba Atzerri ministroak atzo adierazi zuen txostena «bidegabea» dela. «AI, jarrera horrekin, ez da saiatzen ari egia bilatzen eta hori plazaratzen, baizik eta oreka faltsu bat sortzen ari da kriminal baten eta biktimaren artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.