Bilboko Aste Nagusia

Umeek eta kirolek garrantzi berezia izango dute Bilboko Konpartsen egitarauan

Bostehun ekintza baino gehiago antolatu dituzte Aste Nagusirako. Hurrengo astean emango dute ziztaden eta erasoen aurkako protokoloaren berri.

Bilboko Konpartsetako hainbat kide egitarauaren berri emateko antolaturiko agerpeean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
iraia vieira gil
2022ko abuztuaren 5a
14:02
Entzun

Bilboko Konpartsek Aste Nagusirako antolatu duten ekitaldi programa aurkeztu dute, Nagusia izango da lelopean. Indartsu itzuli dira bi urteko etenaldiaren ondoren, eta, guztira, 533 ekintza antolatu dituzte, Idoia Ugalde eta Ioritz Varona konpartsakideek azaldu dutenez. Horietatik 160 haur eta gazteei zuzendutakoak dira: «Urte hauetan umeek galdu baitituzte gauza gehien».

Dena den, umeak ez dira izango Areatzako jai guneaz gozatuko duten bakarrak: konpartsek adin tarte guztientzako ekintzak antolatu dituzte; esaterako, jaietako lehen igandean Zabalbide kalean egingo den goitibehera lehiaketa. Horretan ere umeek gune propioa izango dute: goitibehera sortzeko tailerra.

Kirolak garrantzi handia hartuko du aurtengo jaietan: «Otordu oparoen ostean, nahi duenak gorputza astintzeko aukera izango du», iragarri dute. Aerobitoian, igel-toketan, herri kiroletan eta Hiri Krosean parte hartzeko aukera izango dute bilbotarrek. Gainera, piraguismoa eta ur poloa egongo dira Erripako kaian, «udalak oztopoak ipini dituen arren».

Azken egunetan Euskal Herriko jaietan hainbat emakumek jasandako ziztada eta erasoen harira, «eraso xenofoboak, matxistak eta LGTBIQ+foboak» ez dituztela onartuko adierazi dute konpartsek. Era berean, nabarmendu dute txosnak «babes gunea» izango direla edozelako erasoen aurka aurrerantzean ere. Konpartsek protokolo bat diseinatu dute, eta hurrengo asteartean emango dute horren berri.

Bilboko Aste Nagusia hilaren 20an hasiko da, eta 28ra arte iraungo du. Itziar Lazkano aktorea da aurtengo pregoilaria, eta Iratxe Palacios Tintigorri konpartsako kidea txupinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.