Energia krisia

Tenperatura mugak «malgutu» ahal izango dira, langileak babesteko

Madrilek zehaztu du «ariketa fisiko handiko» jardueretan arinago ezarriko dutela dekretua; jatetxeetan, adibidez. Eraikinen kaleko argiak eta erakusleihoetakoak nahitaez itzali beharko dira. 

Gimnasioetan aire girotua ezingo da 25 gradutik behera jarri. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 5a
18:10
Entzun

Derrigorrezkoa, bai, baina neurrian. Eta, betiere, beharginen osasuna kontuan hartuz. Espainiako Gobernuak energia aurrezteko ezarri dituen neurriek zenbait sektoretan eragin dituzten kexak apaltzeko eta dekretuari buruz egon diren gaizki-ulertu batzuk argitzeko, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak argitu du «malguak» izango direla horien aplikazioan. Gogoratu duenez, kontzientziazioa da neurrion helburu nagusia, baina nahitaez bete behar direla argi utzita. Hala ere, zigorrei buruz ez du hitz egin nahi izan, momentuz.

Aste honetan onartutako neurri sorta lehen urratsa da Europako Batasunarekin konprometitutako energia kontsumoaren %7ko jaitsiera lortzeko. Irailerako neurri gehiago iragarri ditu, eta «gogorragoak» agian, helburu horretara iristeko zailtasunak baleude edota energien eta bereziki gasaren hornikuntzan arazoak handituko balira.

Neurrietako batzuk asteartean sartuko dira indarrean, eta 2023ko azarora arte iraungo dute. Hurrengo egunetan, adibidez, kanpoan bero dagoenean, erabilera publikoko eraikinetako gutxieneko tenperatura 27 gradukoa izango da —neguan 19 gradukoa, gehienez—. Hala ere, zenbait establezimendutan aire girotua jarri ahal izango dute dekretuan ezarritako tenperatura baino tenperatura freskoagoan, Riberak zehaztu duenez, «25 graduren bueltan».

Ministroak esandakoa ez da berria, baina eztabaida iturri bihurtu da. Dekretuan, aipatzen da laneko osasun araudia errespetatu behar dela —orain arte bezala—, eta araudiak dio bulegoko lanak egiten diren lantokietan gehienez 27 gradura igo daitekeela tenperatura, baina «lan arinak» egiten diren lekuetan 25ekoa jarri behar dela gutxienekoa.

Eta zer dira lan arinak? Riberak ez du zerrenda zehatzik eman. Adibide bat jarri du: «Dantzaleku bateko behargin bati eta liburu denda bati ezin zaie tenperatura bera eskatu lan egiteko». Oro har, «ariketa fisiko handiko» jarduerak aipatu ditu, eta horiek, besteak beste, jatetxeak, sukaldeak, dantzalekuak eta gimnasioak izan daitezkeela.

Beste jarduera batzuei dagokienez —hala nola saltokietan, garraioko eraikin publikoetan, kulturguneetan...—, Riberak esan du «justifikatu» egin beharko luketela dekretuak ezarritako tenperatura muga ez aplikatzeko arrazoia, betetzen ez dutenean: dena den, horietan ere «malgu» jokatu ahal izango dute, beharginak kontuak hartuz, haien lan osasun eskubideak «babesteko».

Justifikaziorik ez du izango eraikinetako kaleko argiak gauean itzaltzeko obligazioak. Itzali egin beharko dute jarduera bukatzean edo beranduenik 22:00etan dendetako erakusleihoak eta eraikin publikoetako —museoetako, antzokietako, monumentuetako...— kanpoko argiak badira.

Jaurlaritzaren babesa

Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu Madrilek ezarritako neurriak, baina horiek erkidegoekin adostu ez izana kritikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Gauza bera egin zuen atzo Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Ukatu egin zuen berak esan izana dekretua ez zutela beteko. Jaurlaritzari dagokio neurriak betetzen diren ala ez kontrolatzea, eta horri buruz ez du argibiderik eman, baina araua malgu aplikatu beharra azpimarratu du. Tapiarentzat ere funtsezkoa da «sektore bakoitzaren berezitasunak» kontuan hartzea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskomer Merkataritza Federazioak —18.000 saltoki inguru ordezkatzen ditu—, berriz, erakundeei eskatu die arau berriak «malgutasunez» indarrean jartzeko, eta «denbora epe bat» emateko, negozio bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik. Agintariei euren mezuetan «argiak» izateko eskatu die, «neurriak behar bezala hartu ahal izateko». Energia aurrezteko egitasmoekin bat egiten dutela azpimarratu du merkatarien elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.