Energia krisia

Urkulluk agindu du bete egingo dutela Madrilen energia aurrezteko plana

Edonola ere, Espainiako Gobernua kritikatu du, neurriak erkidegoekin ez negoziatzeagatik.

Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astean. ENDIKA PORTILO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko abuztuaren 4a
12:01
Entzun

Udako eztabaida bukaezin horietako bat bilakatu aurretik, debatea itzali nahi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: bere gobernuak bete egingo du energia aurrezteko Espainiako Gobernuak indarrean jarriko dituen neurriak. Hori bai, Madrilgo agintariak kritikatu ditu neurriak inorekin eztabaidatu gabe aurkeztu izana eta ez aintzat hartzea bere gobernuak azken urteetan eta gaur egun ere energia gutxiago gastatzeko hartutako erabakiak.

Jaurlaritzak ez du ezkutatu ahal izan gaiak sorrarazi dion deserosotasuna. Energia aurrezteko ahaleginean ez du agertu nahi intsumiso gisa, baizik eta ahaleginaren protagonista gisa. Hori dela eta, iragan ostiral goizean jendaurrean azaldu zen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua, aldundiekin eta Eudelekin batera argindarra aurrezteko plan propio bat lantzen ari zirela iragartzeko. Irailerako egon behar zuen planak, baina lehen neurriak aurreratu zituen: eraikin publikoetan gehienez 19-20 gradutan jarriko zuten berogailua, eta 25 gradutan aire girotua.

Baina Tapiaren iragarpenek pisua galdu zuten ordu gutxiren buruan. Izan ere, ostiral arratsaldean bertan, Pedro Sanchez Espainiako presidentea urrunago joan zen, eta, administrazioaren eraikinetan ez ezik, merkataritzan, ostalaritzan eta eraikin publiko gehienetan ezarri beharreko neurri sorta bat proposatu zuen. Termostatoaren mugak gogortu zituen Sanchezek —19 gradu, kanpoan hotz dagoenean; 27, kanpoan bero dagoenean—, eta saltokietako eta eraikin publikoetako kaleko argiak gauean itzaltzera behartu. Gainera, udazkenetik aurrera, debekatu egingo du klimatizazioa piztuta daukaten dendek eta ostatuek atea irekita uztea.

Termostatoaren gerra Isabel Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak (PP) piztu zuen, nork bestela, iragarri baitzuen ez zuela neurriak betetzeko inolako asmorik. Antzeko jarrera azaldu du Murtziako gobernu eskuindarrak ere, eta Gaztela eta Leonen, gobernuko bazkide txikia (Vox) bazkide handia (PP) xaxatzen ari da, neurriak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman ditzan.

PSOEk gustura hartu du eskuina energia aurrezteko asmoen aurka azaldu izana, baina ez hainbeste Gasteizko gobernua kexatzea. Izan ere, Tapiak ziurtatu zuen Madrilen plana «efektista» zela, eta «burutazioz» beteta zegoela. Neurriak beteko ez zituela espresuki esan ez bazuen ere, nabarmendu zuen Jaurlaritza bere plana aspaldi lantzen ari zela, eta hori indarrean jarriko zuela.

Patxi Lopez PSOEko Kongresuko bozeramaileak kargu hartu zion atzo Jaurlaritzari, eta Espainiako Gobernuak erabakitako betetzeko eskatu. «Burutazioak txikiagoak al dira Eusko Jaurlaritzak erabakitzen baditu?».

Urkulluren erantzuna

Hala egingo duela argitu du gaur Urkulluk, sare sozialetan argitaratutako artikulu batean. «Espainiako Gobernuak hartutako neurriek, bai, eskumen oinarria dute Konstituzioan; baina, aukera horretatik haratago, Espainiako Gobernuak gehiago hartu ahal izango ditu kontuan autonomia erkidegoak, eta ezin izango ditu haien oinarriak zabaldu, arau horietan eskatzen diren muturretaraino; izan ere, autonomia erkidegoekin batera, Estatu Administrazio Orokorrarekin koordinatuta, neurri horien definizioa partekatu ahal izango du. Kasu horretan, agerian geratuko litzateke, benetan, hainbeste alditan aipatu den gobernantza proposamena».

Euskara garbian, baietz, beteko dituela neurriak, baina horrelako gaiak hobe dituela erkidegoekin negoziatu.

Urkulluren erantzuna txalotu du Lopezek. «Hori da jarrera. Hau bete egin behar da, eta gero kexatuko naiz», esan du Radio Euskadin.

Testu horretan ere, Urkulluk iradoki egiten du ez dagoela gustura Madrilen neurrien derrigortasunarekin: «Efizientzia energetikorako eta kontsumoa aurrezteko jardun globalaren premian lehentasunezkoa da pedagogia eta kontzientziazio soziala. Horrek ohiturak aldatzea dakar, eta epe ertainerako lana da». Jaurlaritzak, esaterako, ez zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore pribatua ezertara behartzeko asmorik, baina zentzuz jokatzeko eskatu die.

Zigorrak?

Madrilen planak zigorrak aurreikusten ditu neurriak betetzen ez dituztenentzat, baina ikusteko dago zer mailatan betearaziko dituzten. Erkidegoei dagokie kontrola, eta Jaurlaritzak jada iragarri du ezin dituela ertzainak termostatoak kontrolatzen jarri.
Neurri gehienak datorren asteartean jarriko dira indarrean —denbora gehiago dago ateak egokitzeko—, baina oraindik atal batzuk ez daude oso garbi.

Bero handiko garaia denez, aire girotua 27 gradutan jarri behar izateak eragin ditu orain arteko kezka gehienak ostalarien eta dendarien artean. Ohartarazi dutenez, neurri horrek talka egin dezake lantokietan gehienezko tenperatura finkatzen duen lan osasuneko araudiarekin. Horren arabera, bulegoko lanak egiten diren lantokietan gehienez 27 gradura igo daiteke tenperatura, baina 25era, berriz, «lan arinak» egiten diren lekuetan. Ostatuak eta dendak hala direla uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.