GERRA UKRAINAN

Zerealen auzian bitartekari aritzea eskertu dio Putinek Erdogani

Turkiako presidenteak adierazi du Ankararen ikuspuntutik Errusiak «rol berezi bat» duela munduan. Laborez beteriko beste hiru zamaontzi atera dira Txornomorskeko portutik

Erdogan eta Putin, gaur, Sotxin, bilera hasi aurretik. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 5a
19:26
Entzun

Vladimir Putin Errusiako presidenteak eskerrak eman dizkio, gaur, Recep Tayyip Erdogan Turkiakoari, Ukrainako zerealak eta Errusiako elikagaiak zein ongarriak atzera Itsaso Beltzetik barrena komertzializatzeko Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak sinatutako akordioan «rol zuzena» eduki duela iritzita. Bi agintariak Sotxin (Errusia), Itsaso Beltzeko kostaldean, batzartu dira. «Zure parte hartzearekin eta NBEko idazkaritzarenarekin konpondu da arazoa», esan dio Kremlineko buruak Erdogani.

Azken hilean bi aldiz hitz egin dute aurrez aurre, uztailaren 19an Teheranen batzartu baitziren. Putinek adierazi dio ituna «oso garrantzitsua» dela, kontuan hartuta joan den otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik bost hilabetez ezin izan dutela zerealik garraiatu Itsaso Beltzetik Kremlinek ezarritako blokeoaren ondorioz, eta horrek munduko elikagai krisia areagotu duela.

Zenbait komunikabidek Moskuko eta Ankarako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Siriako gerraz ere hitz egitekoak dira —han ez dituzte interes berak—, baita harreman ekonomiko-komertzialei buruzko txosten bat sinatzekoak ere. Putinek nabarmendu du, gainera, «Europako bazkideek» Erdogani «eskertuta» egon beharko luketeela, Turkish Stream gasbideak «bermatzen» duelako Errusiako gasa «modu jariakor batean» iristea «Europako merkatura». Itsaso Beltza zeharkatzen du gasbide horrek, eta, Putinen esanetan, beren hidrokarburuak garraiatzeko gainontzeko bideek ez bezala, «primeran» funtzionatzen du. Erdoganek azpimarratu du, bestalde, Turkiaren ikuspuntutik Errusiak «rol berezi bat» duela munduan.

Eta zerealen auziari loturiko akordioarekin lotuta, Kievek jakinarazi du laborez beteriko hiru zamaontziko konboi bat atera dela, gaur, Txornomorskeko portutik (Ukraina). Aldeek joan den uztailaren 22an akordioa sinatu zutenetik, Itsaso Beltzean zehaztu duten korridoretik egindako bigarren operazioa da.

Ankarak zehaztu duenez, Navistar ontziak Panamako bandera du eta 33.000 tona arto daramatza Irlandara. Rojen-ek Maltako bandera du, eta Erresuma Batura bidean da 13.000 tona artorekin. Polarnet-ek ere artoa darama —12.000 tona—, Turkiako bandera du, eta herrialde horretako portu batera doa: Karasura.

Ukrainan 22 milioi tona zereal pilatuta gelditu ziren, eta, blokeoa altxatu ondoren, joan den astelehenean abiatu zen lehen ontzia, Razoni izenekoa. Etzi da Libanoko Tripoli hiriko portura iristekoa.

Bide batez, eta akordioak jasotakoari erreparatuz, Txornomorskerantz abiatu behar duen zamaontzi huts bat ikuskatzen hasi dira, gaur, Istanbulen, Turkiako funtzionarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.