Arrauna

Bandera eta lidergoa Urdaibairentzat, Hondarribiaren hutsegite bat tarteko

Bigarren ziaboga barnealdetik hartu du Ama Guadalupekoa-k, Urdaibairekin lehian zebilela. Ligan zuen sei punturen aldea galdu du. Euskotren Ligan, Orio gailendu da beste behin ere, eta ia erabakita dago liga.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, gaur, Getarian irabazitako bandera astintzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 7a
14:29
Entzun

Punta-puntan ibili nahi izanez gero, ezin da hutsik egin. Eta horixe erakutsi du gaur Hondarribiak: Eusko Label ligako liderra zena Urdaibairekin lehian zebilen ohorezko txandan, baina, haizeak lagunduta, huts egin du bigarren ziaboga hartzerakoan. Barnealdetik eman du bira Ama Guadalupekoa-k, estriborretik, eta ihes egin dio estropadak. Baita lidergoak ere.

Ligako hamabigarren jardunaldia jokatu dute gaur Getarian (Gipuzkoa), eta Urdaibaik ligan lortutako hirugarren bandera astindu du. Bigarrena atzo lortu zuen, aurkari zuzenaren etxean, Hondarribian (Gipuzkoa). Asteburua, beraz, amestutakoa baino ere hobea izan da Bermeokoentzat.

Gaurko estropadari ekin aurretik, Hondarribiak (122) Urdaibairekiko (116) sei punturen aldea zuen sailkapen nagusian. Bigarren Donostiarra (118) zen, laura. Orain, ordea, Urdaibai da berdeekiko hiru punturen aldea duena. Hamargarren amaitu du Ama Guadalupekoa-k gaur, Zierbenaren eta huts bera leku berean egin duen Aresen aurretik.

Orain, Urdaibaik bi postu gora egin du, eta lehen postua eskuratu: 128 puntu ditu, Donostiarrak bezala. 125 ditu Hondarribiak. Estu dago sailkapena.

Gainontzean, Orio eta Santurtzi izan dira eguneko garaileak. Haiek izan dira lehen eta bigarren txandetako azkarrenak, eta amaierako sailkapenean bigarren eta laugarren amaitu dute, hurrenez hurren. Hirugarren izan da Donostiarra. Bosgarren Kaiku, seigarren Lekittarra eta zazpigarren Getaria, etxeko estropadan.

Hala, sailkapen nagusian hamargarren postura gerturatu da Sotera. 44 puntu ditu, eta bi puntura du Ondarroa.

Euskotren Liga, bideratuta

Euskotren Ligan, berriz, azken jardunaldietako bera izan da emaitza: Orio izan da nagusi hamargarren jardunaldian ere, eta denboraldiko zortzigarren bandera astindu du.

Estropadari indartsu ekin dio Arraun Lagunak-ek. Lehen metroetan aurrea hartu dute donostiarrek, eta ziabogara parean iritsi dira bi talde indartsuenak. Barruranzkoan, ordea, ezin izan dio eutsi Orioren joari. Berehala hartu dute aldea horiek, eta, azkenean, ia hamar segundoren aldea lortu dute Arraun Lagunak-ekiko.

Ez hori bakarrik: donostiarrek nahikoa lan izan dute bigarren postuari eusteko. Donostiarra baino segundo eta erdi azkarrago iritsi dira helmugara, eta Tolosaldea baino bi segundo eta erdi lehenago.

Sailkapen nagusian sei puntuko abantaila du Oriok lau estropadaren faltan. 38 ditu Oriok, 32 Arraun Lagunak-ek, hamasei Donostiarrak, eta hamalau Tolosaldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.