Albistea entzun

Txumai Iturria

«Euskal selekzioen aldeko aldarria oso apalduta dagoela ikusi dugu»

Euskal selekzioen aldeko mendi martxa azken aldiz egin dute aurten. Atzo amaitu zen, Getarian (Gipuzkoa). Iturriaren iritziz, gizarte mugimenduak nahiko garai kritikoan daude orain, «baina ziklo kontua da».

Paulo Ostolaza -

2022ko abuztuak 7

Amaitu da euskal selekzioen aldeko mendi martxak azken hogei urteetan egindako bidea. Zehazki, atzo bukatu zen, Getarian (Gipuzkoa). Ez da gehiago egingo. Bizirik jarraitzen du, ordea, egunen batean euskal selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzen ikusteko nahiak. Nabaria da hori Txumai Iturria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960) gaiaz hizketan entzunda. Bera izan da 2013. urtetik martxaren arduradun nagusia, eta, aldarrikapena garai apalean dagoela aitortu arren, ereindako haziek fruituak emango dituztelakoan dago.

Zer moduz azken mendi martxa?

Balorazioa oso positiboa da. Kontua da aurtengo mendi martxa duela bi urterako prestatuta zegoela, baina atzeratu egin behar izan genuela pandemiagatik. Konpromisoa hartuta genuen jada udalekin, eragileekin eta martxistekin, baina argi esan genien aurtengoa azkena izango zela. Horren arrazoiaren berri eman genien aurrez martxistei.

Eta zein da?

Azken finean, mendi martxa 2001. urtean ESAIT iritzi taldearen barruan sortutako egitasmo bat zen, eta 2015. urtean, ESAIT desagertzearekin batera, gure etorkizuna birplanteatu behar izan genuen. Esan genuen: «ESAIT ordezkatuko duen herri mugimendu indartsu bat sortzen bada, hor izango dugu guk gure leku naturala». Tamalez, hori ez da gertatu, eta azkenean bertan behera utzi behar izan dugu egitasmoa. Behin hori erabakita, azken martxa ahal bezainbeste gozatu nahi genuen, eta, egia esan, gozamen hutsa izan da. Herrietan sekulako berotasuna jaso dugu, eta martxisten inplikazioa ere erabatekoa izan da. Horrekin geratu behar dugu.

Egitasmoa bertan behera uzteko erabakia, beraz, ez da egun batetik bestera hartutakoa izan.

Ez, ez, eta pandemiak ere ez du zerikusirik izan. Ikusi duguna da selekzioaren aldeko aldarria oso apalduta dagoela azken urteotan, eta beste bultzada bat behar duela. Gu ez ginen jaio protagonistak izateko, aportazio xume bat egiteko baizik. Mendi martxak, zerbait izan badu, herriz herri ibili dela da hori, eta aldez aurretik egiten genuela herrietan giroa sortzeko lana. Hogei urtez Euskal Herri osoko herri mordoa zeharkatu dugu, eta haietan ereindako haziek fruituak emango dituzte etorkizunean. Kontua da nola aktibatuko dugun berriz selekzioaren aldeko aldarria.

Orduan, aurrerago selekzioen aldeko beste egitasmoren bat sortuko delakoan zaude.

Bistan da. Ni baikorra naiz. Sentimenduak ez dira desagertzen. Beste nazioek oso argi dute kirolaren gaiak zenbateko garrantzia duen. Ikusi besterik ez dago Munduko Txapelketak edota Olinpiar Jokoak gerturatzen direnean zer gertatzen den: ustez bereziki nazionalistak ez diren herrialdeak, Espainia eta Frantzia kasurako, harrotu egiten dira euren selekzioekin. Horrek sentimentu nazionalista indartzen laguntzen du, eta uste dut gu oraindik ez garela jabetu horrek gizartean duen eraginaz. Horri buelta eman behar zaio, eta, behin kontzientzia hartuta, ziur nago egoerari aurre egingo dion jendea mobilizatuko dela.

Euskal Herrian bizi dugun ziklo politikoak harreman zuzena du selekzioaren aldarriak duen babes apalarekin?

Bai, neurri batean bai. Egia esan, gizarte mugimenduak nahiko garai kritikoan daude orain, baina nik sinesten dut ziklo kontua dela. Olatuak goia jotzen du, baina behea ere bai, eta orain behean gaude. Jakin egin behar da olatuaren gainean zaudenean boga egiten, baina baita halako uneetan bizirik irauten ere. Bide orri bat marrazten badugu erakundeen, kirolarien eta gizarte mugimenduen artean, berpiztuko da grina.

Euskadiko Futbol Federazioak ez du behar beste egin ofizialtasunaren bidea jorratzeko?

Hori oso nabarmena izan da; kolpe handia jaso dugu. Urteetan landu genuen prozesu bat zen. Euskal Herriko edo, gutxienez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klub guztiek, erabaki zuten ofizialtasunaren bideari ekitea, eta azken muturreraino eustea asmo horri. Gero, federazioaren zuzendaritzan aldaketa izan zen, eta begi bistakoa da aldaketa horrek zeresana izan duela. UEFAk Euskal Herriko selekzioak nazioartean jokatzeari ezezkoa eman eta gero, erantzun hori gorde egin zuen Euskadiko Futbol Federazioak, inongo helegiterik jarri gabe. Eta, guk dakigunez, Eusko Jaurlaritza ere ez zegoen horren jakitun. Beraz, huts egin diote gizarteari, eta baita modu batera edo bestera ordezkatzen gaituzten erakundeei ere. Horrek atzerapauso nabarmena ekarri du. Gainera, hori pasatu zela jakin arren, ez da neurririk hartu egoera bideratzeko.

Zer mezu helarazi nahiko zenieke etorkizunean zuen lekukoa har dezaketenei?

Gazte nahiz zahar, uste dut denok pozten garela gure koloreak munduan zehar ikusten ditugunean, edozein kiroletan. Futbolean, surfean, sokatiran edo dena delakoan. Beraz, sentimendu horri bide eman behar zaio. Azken urteetan jendearen pultsuak gorabeherak izan ditu hainbat gaitan, eta beheranzko joera horretan gaude orain. Helduko zaio selekzioaren gaiari ere bere unea, eta itxaropena sortuko zaio gizarteari. Lehenago edo geroago lortuko dugu ofizialtasuna.

Pentsa: bere garaian, Jaurlaritzaren aginduz egin zen azterketa juridiko bat jakiteko ea gaur egungo testuinguru politikoan posible zen euskal selekzioek nazioartean lehiatzea. Batzuek diote independentzia lortu arte ez dela posible izango, baina hori ez da egia. Horren adibideak ugariak dira nazioartean. Aukerak badaude, eta gaiari begira jarri behar dugu berriro.

Ikusi gehiago: OFIZIALTASUNAREN ALDARRIARI TIRAKA

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Garikoitz Txakartegi eta Aitor Elordi, besarkatuta, partida baten amaieran. ©BERRIA

«Oso harro gaude»

Julen Etxeberria

Aitor Elordiren osaba, aitabitxia eta botileroa da Garikoitz Txakartegi. Dioenez, «gozatzen» ari dira familian hura gozatzen ikusita. «Lan handia egin du, eta merezitako saria jasotzen ari da».
Unai Laso eta Ander Imaz, Nafarroa Arenaren aurrean, joan den astean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nagusia oso pozik daukate

Julen Etxeberria

Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak goraipatu egin ditu Unai Laso eta Ander Imaz. Haien dohainen gainetik, «lanerako daukaten prestutasuna» azpimarratu du.
Jose Angel Iribar eta Oihan Sancet, atzo, San Mamesen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Poza partida amaieran iritsi da

Haritz Gallastegi

Aurrez, Athletic nahi eta ezin aritu da San Mamesen, Getaferen kontra. Amaieran, Oihan Sancetek zelai erditik jakinarazi du 2.032. urtera arte luzatu duela kontratua zuri-gorriekin
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri»

Eñaut Agirrebengoa

Euskal Herriko Itzulia «Tour txiki bat bezalakoa» izango da aurten Euskaltel Euskadirentzat: hala dio Jorge Azanzak, taldeko zuzendariak. Espainiako Vueltatik kanpo utzi dituztenez, aparteko garrantzia izango du etxeko lasterketak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.