Euskal Selekzioa

Politikaren alorra ere, joko zelai

Ofizialtasunarena ez da kirol dema hutsa, eta politikaren zelaian ere jokatzen da partida. Aldarrikapenaren alde dauden indarrek gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta nabarmendu dute eragileen arteko elkarlana behar dela.

Euskal selekzioa eta Kataluniakoa, elkarren kontra jokatu zuten partidan, 2015ean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Kirol selekzioen ofizialtasunarena ez da kirol dema hutsa; dema politikoa ere bada, eta eragile politikoek zeresan handia dute afera horretan. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politikoen artean, adibidez, ofizialtasunaren aldarriak adostasun zabala du, baina, hala ere, azken urteotan badirudi zailtasunak daudela adostasun hori urrats eraginkor bihurtzeko.

Ñabardurak ñabardura, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU euskal selekzioei ofizialtasuna aitortzearen alde daude; hortik ondoriozta daiteke eskakizun horrek gehiengo zabala duela Eusko Legebiltzarrean, hiru alderdi horiek ordezkarien %75 baino gehiago dituzte-eta erakunde horretan. Edonola ere, kasu askotan adostasun hori ez da nahikoa izaten ari oztopoak gainditzeko.

Ana Esther Furundarena (Zornotza, Bizkaia, 1966) Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Kultura arduraduna da EAJren Euzkadi Buru Batzarrean. Dioenez, bere alderdia beti egon da euskal selekzioen alde, eta ofizialtasunaren auzian ere aldeko jarrerari eusten diote: «Euskal selekzioek nazioarteko federazio eta elkarteetan sarbidea izateko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea defendatu, aldarrikatu eta eskatu dugu, horrela sentitzen dugulako, eta bide horretan jarraitzen dugu aukera eta abagune guztiak baliatuz».

Furundarenak aitortzen du bide horretan zailtasunak «asko eta handiak» direla, baina uste du horiek gainditzeko bideak jorratzen jarraitu behar dela, «federazioekin elkarlanean, kirolarien laguntzarekin eta gizartearen babesarekin». Dioenez, gaia EAJren agendan dago, eta hala egongo da aurrerantzean ere, «garrantzitsua baita nazio aitortzarako elementu gisa».

Ikusi gehiago: PSE-EErentzat, gaia ez da «lehentasuna»

EH Bilduk ere bat egiten du euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin. Are gehiago: EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak (Elgeta, Gipuzkoa, 1972) nabarmendu du euskal selekzioak «ofizialak» direla jada: «Federazioak ordezkatzen dituzten selekzioak ofizialak dira. Beste kontu bat da nazioarteko lehiaketak antolatzen dituzten erakundeetan sartzeko eta, ondorioz, lehiaketa horietan parte hartzeko dagoela zailtasuna».

Zailtasun horri beste bat gehitu behar zaio, Uberaren hitzetan: Nafarroaren, EAEren eta Ipar Euskal Herriaren arteko banaketa administratiboa. «Hor beste zailtasun bat dago, federazioek ordezkatzen dutenaren inguruan».

Edonola ere, EH Bilduk uste du Euskal Herriak «nazio gisa kirol eremuan ere herri adierazpideari bide emateko urratsak egiten eta lanean jarraitu» behar dela: «Horretarako, federazioen zeregina funtsezkoa da, eta gure laguntza behar edo nahi duten guztiekin bat egitea da gure ideia».

Elkarrekin Podemos-IU ere euskal selekzioen ofizialtasunaren alde dago, eta behin baino gehiagotan agertu dute jarrera hori, Gustavo Angulo legebiltzarkideak (Gasteiz, 1976) gogorarazi duenez: «Kirol modalitate guztietan euskal selekzioen ofizialtasuna erraztearen alde gaude, eta uste dugu ezinbestekoa dela esklusibotasunaren kontzeptua berrikustea eta aldatzea, nazioarteko kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzeari dagokionez».

Angulok gogora ekarri du zenbait herrialdetan selekzio bat baino gehiago aritzen dela nazioarteko lehiaketetan «normal-normal», eta uste du eredu horri jarraitu ahal zaiola euskal selekzioen kasuan ere: «Gainera, euskal nazioarteko selekzioak badaude, eta Euskadiko herri kiroletako federazioak, surfekoak eta beste zenbaitek nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartu dute. Horrela, ofizialtasun horiek onartu egiten dira, bai nazioartean, bai nazio mailan».

Denen beharra

Baina zein da asmo on horiek betetzeko modurik eraginkorrena? Eragile politikoek badakite bidea ez dela samurra eta, xedea lortuko bada, denen beharra izango dutela. Furundarenak eta Uberak, adibidez, «elkarlana» aipatu dute; Angulok, berriz, «ofizialtasunaren aldeko itun bat» proposatzen du, «inplikatutako guztien atxikimendua adierazten duen testu baten bidez: alderdi politikoak, gizarte eragileak, federazioak, klubak, jokalariak eta gizartean eragina duen beste edozein erakunde».

Furundarenak dioenez, legeak ahalbidetzen du «Euskal Herria modu ofizialean ordezkatua» egotea nazioarteko lehiaketetan, baina arazoa «borondate politikoaren falta» dela uste du.

Hori aldatzen ez den bitartean aldarrikapenari eutsi behar zaiola pentsatzen du EAJren ordezkariak, eta hala egiteko konpromisoa azaldu du, «behar den tokian, behar den momentuan, eta neurri egokian jardunez eta egin beharreko eskariak eginez». Aldarrikapenari eutsi bai, baina, aldi berean, «agertzen diren abaguneak eta sortzen diren aukerak» baliatzea proposatzen du Furundarenak.

EH Bilduren ustez, arlo bat baino gehiago landu behar da ofizialtasuna lortzeko dema horretan. Uberak horietako zenbait zerrendatu ditu, eta, hasteko eta behin, «barnean egin beharreko lana» aipatu du: dioenez, «Euskal Herriko kirol lehiaketa esparruak» eraiki behar dira, «indarrean dagoen banaketa administratiboa gainditze aldera». «Barne mailako lan» hori egiteko federazioen eta erakundeen arteko elkarlana bultzatzea proposatzen du Uberak, eta gogorarazi du federazio eta elkarte batzuk jadanik ari direla lantegi horretan.

Baina etxetik kanpo ere badago zereginik, Uberaren iritziz, eta «nazioarteko elkarte pribatuekin» ere gaia landu behar dela uste du, elkarte horiek antolatzen dituzten lehiaketetan parte hartzea ahalbidetzeko.

Azkenik, auziari behar bezalako zabalkundea ematea proposatzen du EH Bilduk: «Herri gisa dagozkigun eskubideez eta ditugun eskuduntzez baliatuta, ahalik eta garapen handiena emateko ekinbideak abiatu behar dira», azaldu du Uberak. Haren ustez, euskal gizarteak ere badu zeresana afera horretan, eta hura «aktibatzea» proposatzen du, «uler dezan selekzio ofizialek nolako garrantzia duten herri txiki batentzat, haren irudia munduan zabaltzeko».

Horri guztiari federazioen adostasunaren beharra erantsi dio Angulok. Haren ustez, «euskal federazioak osatzen dituzten eragile guztien lana eta konpromisoa» behar-beharrezkoak dira ofizialtasunaren bidean.

FIFAk eta UEFAk, ezezkoa

Futbolari dagokionez, selekzioa ofizial bilakatzeko azken saialdiak ustel egin du. UEFAk eta FIFAk ezezkoa eman zioten Euskadiko Futbol Federazioak 2018an egindako eskaerari, selekzioak lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera izateko. Federazioak helegitea jarri zion ebazpen horri, uste zuelako erabakia bi erakunde horien batzarrek hartu behar zutela, baina, 2022aren hasieran, UEFAk zein FIFAk ezetsi egin zuten, eta, federazioak bigarren erabaki horri helegiterik jarri ez zionez, bide hori oraingoz itxita gelditu da.

Furundarenak uste du ezezko hori lehen aipatutako zailtasunen «adierazle» direla: «Oraingoan ezin izan da, baina etorriko dira egun hobeak, aukera berriak eta saiakera emangarriagoak».

EAJren ordezkariak gogorarazi du ezen Euskadiko Futbol Federazioak, erabakiaren berri izan zuenean, ofizialtasunaren aldeko aldarria berretsi zuela, eta iragarri zuen «beste bide batetik» saiatuko zela. Horretarako, beharrezkoa da legean aldaketak eragitea; «beraz, alderdi politikoek eta euskal gizarteak ere badaukagu zer egin».

Uberak uste du auzia «geldiarazi» egin dutela eta «berriro ere hilik» gelditu dela. Kritikoagoa da federazioak izandako jokabidearekin, eta gogora ekarri du EH Bilduk azalpenak eskatu zizkiela federazioaren arduradun nagusiei Eusko Legebiltzarreko Kirol Batzordean, «kontuan hartuta erakunde publikoek federazioekin duten harreman administratiboa».

Uberaren iritziz, «tristea izan zen ikustea nola Euskadiko Federazioak uko egin dion bere lan eremuetan ekimena hartzeari, eta alde batera utzi duen bere batzar orokorraren mandatua. Federazioek eskuordetzaz betetzen dituzte funtzio publikoak, eta, horien artean, gu ordezkatzea herri gisa doan tokian. Hori izan zen bete gabe geratu den batzarraren agindua».

Auziaren bestelako ikuspegi bat du Angulok: «UEFAren eta FIFAren oniritzia lortzeko, Espainiako Futbol Federazioaren eta Kirol Kontseilu Nagusiaren oniritzia behar da, eta horiek esan dute ez dutela babesten euskal ofizialtasuna. Ofizialtasuna lortuko ez zela jakinda, bitxia egiten zaigu euskal erakundeek gaiarekin jarraitu izana azken ondorioetaraino».

Hala ere, Angulok uste du gaia «irekita» dagoela, eta horretan jarraitzearen alde dago; hori bai, lana «negoziazioaren eta adostasunaren bidean» egin behar dela uste du Elkarrekin Podemos-IUk.

Beste kiroletan, aukerak

Dudarik gabe, futbola da arretarik handiena erakartzen duen kirola, eta euskal selekzioen auzian ere badirudi horretara mugatzen dela afera. Baina ez luke hala izan behar: «Euskal selekzioaren afera ez da futbolaren kontu esklusiboa», gogorarazi du Uberak. «Beraz, euskal selekzioaz ari garenean, kirol modalitate guztiez ari gara, nahiz eta, zoritxarrez, badirudien futbolera mugatzen dela. Kirol modalitate bakoitzaren ibilbidea eta urratsak ezagututa, zalantzarik gabe biderik zailena futbolaren eremuan dagoela dirudi, zenbait arrazoi direla medio: ekonomikoak, eta kirolaz gain dauden bestelako interesak».

Baina futbola ez beste kirol batzuetan ofizialtasuna «lorgarriagoa» da, Furundarenak gogorarazi duenez: «Euskal kirol selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko zailtasunik ez dute izaten baldin eta [Espainiako] Estatuko selekziorik ez badago».

«Guk beti adierazi dugu euskal kirolaren aldarrikapenaren alde gaudela, kirol diziplina guztietako federazioen ekinaldien alde, bai emakumezkoen kirolean, baita gizonezkoenean ere», azaldu du Angulok. «Horregatik, ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, baina gizonezkoen futbolari bakarrik begiratzen ez dion modu zabal eta inklusibo batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.